Gizartea -
FORMULA BERRIA
Etorkin papergabeei osasun arreta eskainiko die Nafarroak
18 eta 64 urte artekoek eta hilean 532 euro baino sarrera txikiagoak dituztenek, jaso ahal izango dute laguntza.
Erredakzioa
Nafarroan paperik gabe bizi diren etorkinei osasun arreta bermatzeko diru laguntza bat sortuko du Nafarroako Gobernuak, euren aldetik ordaindu ezin badute. Juan Luis Sanchez Muniain Gobernuko Kontseiluko bozeramaileak eta Marta Vera Osasun kontseilariak eman dute erabakiaren berri, Gobernu bileraren ostean.
Dekretu baten bidez onartuko du neurri berria, eta Gizarte Gaietarako Departamentuak egingo du ekarpena. Urtean, 1,68 milioi euro jarriko ditu diru laguntza horietan, immigrante papergabeei emateko.
Bete beharreko baldintzak
Laguntza etorkinek eurek eskatu beharko dute, Osasun Departamentuko erregistroetan, eta hiru baldintza bete beharko dituzte txartela eta laguntza jasotzeko: 18 urte baino gehiago edukitzea, Nafarroan urtebetez gutxienez erroldatua egotea, eta Justiziarekin auzirik airean edo kondenarik ez edukitzea.
18 eta 64 urte artekoek 764,46 euro ordaindu beharko dituzte, eta 64 urtez gorakoek 2.675,62 euro (18 urtez azpikoek bermatuta dute osasun arreta, edozein kasutan). Espainiako Gobernuak agindutakoak baino altuagoak dira tasa horiek, 710,40 euroko eta 1.864,80 euroko tasak jartzeko irizpidea eman baitu. Irailaren 1etik aurrera izango dira indarrean tasak.