Gizartea -
Loiolako San Ignazio
Aparteko ordainsarietako bat premia dutenei ematea eskatu du Munillak
Azpeitian, Loiolako San Ignazioren basilikan, eman duen mezan, erakunde publikoen eta bankuen kontra aritu da Donostiako gotzaina.
Erredakzioa
Bizi dugun egoera ekonomiko ''larria'' dela-eta, Jose Ignacio Munilla Donostiako gotzainak erakunde publikoen eta bankuen kontra egin du, eta aparteko ordainsarietako bat premia handiena dutenei emateko deia egin dio gizarteari.
Loiolako San Inazio ospatzeko, Loiolako San Ignazioren basilikan, Azpeitian, eman duen mezan egungo egoera ekonomikoaz aritu da gotzaina.
Isabel Celaa Hezkuntza sailburua eta Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia ere Azpeitian izan dira asteazken honetan, San Ignazio ospatzen.
''Mendebaldeko gizarteak edukitzeari izateari baino lehentasun handiagoa'' ematen diola salatu du Munillak meza horretan, eta gizarteak, ''zarrastelkeria irrazionala''ri jarraituz, ''mugarik gabeko kontsumismorantz'' jo duela esan du.
Munillaren ustez, erakundeetako arduradunek ez zuekaten dirua gastatu dute, ''erakunde publikoak zorretan murgilduz, eta belaunaldi berrien etorkizuna zalantzan jarriz''.
Halaber, bankuek, aurrezki kutxek eta finantza erakundeek izan dituzten ''eskandaluzko'' irabaziak ''eutsi ezin den ekonomia irreal batean'' oinarritu dituztela salatu du gotzainak.
Hala ere, Munillak uste du egungo egoera ez dela soilik ekonomiaren nondik norakoak erabakitzen dituztenen erantzukizuna. ''Agerikoa da denok egindako bekatu baten aurrean gaudela. Guk ere behar ez genuena erosi genuen, eduki ez geneukan diruarekin'', gaineratu du.