Gizartea -

Osasuna

Arabak ez du zergadunen daturik emango koordainketarako

Batzar Nagusien erabakiak ez du praktikan ondoriorik izango: izan ere, Eusko Jaurlaritzak iragarri du Euskadin ez dutela botiken koordainketa indarrean jarriko.

Arabak ez du zergadunen daturik emango botiketan koordainketa egiteko. Argazkia: EITB
Arabak ez du zergadunen daturik emango botiketan koordainketa egiteko. Argazkia: EITB
Arabak ez du zergadunen daturik emango botiketan koordainketa egiteko. Argazkia: EITB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arabako Foru Aldundiak, Bizkaikoak eta Gipuzkoakoak bezala, zergadun bakoitzak irabazten duenaren arabera egin beharko lukeen koordainketa kalkulatzeko datuak bidali zituen. Arau berria uztailaren 1etik aurrera izango da indarrean.

Datu horiek autonomia erkidego bakoitzeko osasun zerbitzuei bidaliko dizkiete koordainketarako kalkuluak egin ditzaten. Kasu honetan, Osakidetzak jasoko ditu, baina Batzar Nagusien erabakiak ez du praktikan ondoriorik izango: izan ere, Eusko Jaurlaritzak iragarri du Euskadin ez dutela botiken koordainketa indarrean jarriko.

Hala eta guztiz ere, Arabako Aldundiak datu horiek bidaltzeko ekainaren 12an egin zuen araua bertan behera gelditzen da Batzar Nagusiek hartu duten erabakiaren ostean.

Espainiako arau berriaren arabera, urtean 18.000 euro baino gutxiago irabazten dutenek botiken % 40 ordaindu beharko dute; 100.000 euroraino irabazten dutenek, % 50, eta hortik gora irabazten dutenek, % 60. Pentsiodunek % 10 ordainduko dute, eta epe luzeko langabeek ez dute ezer ordaindu beharko.

Euskadin, lanean ari direnek % 40 ordaintzen jarraituko dute, baina botikak doakoak izango dira laguntzarik jasotzen ez duten langabeentzat, diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen dutenentzat eta lan-istripuagatik tratamendua edo gaixotasun profesionala dutenentzat, besteak beste.

Gainera, hemendik aurrera beste autonomi erkidego batzuetan botikak eskuratu behar dituzten euskal herritarrek ordaindu behar izan duten gehigarria Euskadin berreskuratu ahalko dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea