Gizartea -
Urte amaiera
Suhiltzaileek gogor lan egin behar izan dute Urtezahar gauean, Bizkaian bereziki
Lurralde horretan guztira 19 sute izan direla jakinarazi du Ricardo Ituarte Larrialdietako eta Meteorologiako zuzendariak, eta haize gogorra eta "gaueko jarduerak" aipatu ditu arrazoi nagusi gisa.
eitb media
Urtero legez, sute asko piztu dira bart Urtezahar gaueko ospakizunekin lotuta. Pirotekniaren erabileraz gain, aurtengoan haize gogorrak eta tenperatura altuak ere lagundu dute suteak pizten eta zabaltzen. Sute arriskuagatik ezarritako abisua goizaldeko hiruetan amaitu da.
Ricardo Ituarte Eusko Jaurlaritzaren Larrialdi eta Meteorologia zuzendariak Ser irrati katean azaldu duenez, Bizkaian izan da sute gehien, eta Gipuzkoan eta Araban gaua lasaia izan da suari dagokionez.
Bere esanetan, Bizkaiko 19 udalerritan izan dira baso, sasi, etxebizitza, kontainer eta ibilgailu suteak. "Ez dago zalantzarik gaueko jarduerari haizea gehitzeak emandako emaitza dela", aitortu du.
Ituartek azpimarratu du Aranguren mendian izan dela sute handiena, Etxebarrin; eta baserri bat hustu behar izan dutela badaezpada ere, goizaldean sua erabat itzaltzea lortu duten arren.
Gainera, sasi suteak izan dira Ondarroan, Getxon, Trapagaranen, Mungian, Sopuertan, Zierbenan, Portugaleten, Berangon, Barakaldon, Sestaon, Basaurin, Amorebieta-Etxanon, Balmasedan eta Sopelan. Azken horren kasuan, suak erabat kiskali du sasitza eremu bat, Atxabiribil hondartzara jaisteko bidearen ondoan.
Getxon, Arrigorriagan, Santurtzin, Galdakaon, Sestaon, Portugaleten eta Ortuellan kontainerrak erre dira.
Basaurin, era berean, auto batek su hartu du eta gar handiak altxatu dira. Getxon, berriz, Zabalan, etxebizitza bateko teilatuan izandako sutea itzali behar izan dute.
Bestalde, Nafarroako suhiltzaileek nekazal produktuak jasotzen dituen eraikin batean piztutako sutea itzali dute bart Aberinen. Lizarrako eta Lodosako suhiltzaileak bertaratu dira.