Gizartea -
Piroteknia
Urtezahar gaueko piroteknia: zein da hiri bakoitzeko araudia?
Jende askok petardoak eta su artifizialak jaurtzitzen ditu urte berrian sartzean, baina hori arriskutsua izan daiteke eta pertsonei eta animaliei eragozpenak eragin diezazkieke.
M. D. | EITB Media
Ohikoa da Gabonetan petardoen zarata entzutea, batez ere, Urtezahar gauean. Jende askok burrunba hori eta suzirien argia hautatzen ditu urte berriari hasiera emateko.
Hala ere, material piroteknikoa gaizki erabiltzeak segurtasun arazoak eragin ditzake. Jaurtitzen dituen pertsona edo alboko norbait zauritu daiteke, eta sute bat eragin dezake. Gainera, zaratak arazo larriak eragin diezazkieke haurrei, adinekoei eta animaliei. Horregatik, horien salmenta eta erabilera araututa daude.
Honakoa diote Hego Euskal Herriko hiriburuetako udal araudiek. Bilbon, ez dago gai horri buruzko araudi espezifikorik, baina, egun hauetan, Udalak gomendatzen du pirotekniarik ez erabiltzea, suteak eragin ditzakeelako eta pertsonen segurtasuna arriskuan jar dezakeelako. Gainera, gogorarazi du Bilboko Udaltzaingoak kontrol zorrotza egiten duela material piroteknikoa baimenik gabe saltzea saihesteko, dendetan zein kalean.
Donostian, Udalak gogora ekarri du kasu horietan aplikatu beharreko araudia, hala nola, gizalegeari buruzko ordenantza. Horren arabera, debekatuta dago piroteknia bide publikotik botatzea, dagozkion isunekin. Gipuzkoako hiriburuak gogorarazi du, halaber, gaizki erabiltzeak arazo larriak eragin ditzakeela.
Gasteizen, Udalak jakinarazi du Urte Berriaren ospakizun "legitimoa" eta Zarataren eta Bibrazioen aurkako Udal Ordenantza (pertsonen atsedena babesten du) uztartu nahi dituela. Horregatik, 15 minutuko tarte bat proposatzen du material piroteknikoa jaurtitzeko. Epe hori igarotakoan, poliziak esku hartu ahal izango du.
Iruñean, jokabide zibikoak sustatzeari eta espazio publikoak babesteari buruzko ordenantzaren 20. artikuluak berariaz debekatzen du "petardoak, suziriak, bengalak eta era guztietako gai piroteknikoak jaurtitzea, udalaren baimenik gabe zarata edo suteak eragin ditzaketenak".
Espainiako legediak material piroteknikoa erabiltzeko adina arautzen du. Badira produktu batzuk adingabeek manipulatu ezin dituztenak.