Gizartea -
Migrazioa
Fiskaltzak artxibatu egin du Melillako hesiko tragediaren ikerketa
Ez du delitu zantzurik ikusten Guardia Zibilaren jardunean. 23 migratzaile hil ziren.
agentziak | eitb media
Fiskaltzak artxibatu egin du ekainaren 24an Melillako hesian izandako gertakarien ikerketa, Guardia Zibilaren jardunean delitu zantzurik atzeman ez duelako. Gutxienez 23 migratzaile hil ziren tragedia hartan.
Ministerio Publikoak ohar baten bidez zabaldu duenez, guardia zibil batzuk migratzaileei harriak jaurti zizkieten, eta horixe jakinarazi dio Guardia Zibilaren Zuzendariaren Ondokoari arau-hauste diziplinarioa izan ote zen argi dezan.
Beatriz Sanchez Atzerri gaietarako Fiskaltzako koordinatzaileak sinatu du artxiboa arduragabekeriazko hilketa delituaren eta laguntzari uko egin izanaren zantzurik aurkitu ez duelako. Gainera, legezkotzat jo ditu mugan egindako 470 kanporatzeak, Herriaren Defendatzaileak zalantzan jarritakoak.
Dena den, eskumena duten ministerioei gogorarazi die migratzaileek "benetako aukera" izan behar dutela legalki bisa, nazioarteko babesa eta asiloa eskatzeko.
Fiskaltzak ekainaren 28an ireki zuen ikerketa, eta sei hilabetez, Ministerio Publikoaren esanetan, behatu egin dute, migratzaileei eta agenteei deklarazioa hartu diete eta ekainaren 24an gertatutakoaren txostenak irakurri, bideak ikusi eta audioak entzun dituzte.
Heriotzei buruzko datu ofizial bakarrak Marokoko agintarienak dira, Giza Eskubideetarako NBEren Goi Ordezkariak eskatutakoak, eta Marokorenak dira froga elementu guztiak (gorpuak, lekukoak, zaurituak, etab.).
Fiskaltzaren arabera, ekainaren 24ko gertakari horietan parte hartu zuten 700-800 migratzaileen jarrera "oldarkorra" izan zen, Espainiako eta Marokoko segurtasun indarren aurka.
Podemos, ERC eta EH Bildu, kritiko
Unidas Podemosek, ERCk eta EH Bilduk gaitzetsi egin dute Fiskaltzak ikerketa artxibatzeko hartu duen erabakia.
Jon Inarritu EH Bilduren diputatuak, Kongresuaren Barne gaietarako Batzordean ere badagoenak, sare sozialetan adierazi duenez, "Espainiako muga batean izan den tragedia handienaren aurrean, Fiskaltzak ixtea erabaki du".
"Itxurak egin dituzte ikertu dutela esateko? Ez dute Maroko deseroso jarri nahi?", galdetu du.