Gizartea -

Abiadura Handiko Trena

Donostiako Udalak uko egin dio AHTaren desjabetze aktak sinatzeari

Udalak esan du orain arte ez duela izan proiektuaren ibilbide zehatzaren berri, eta gaur bertan jakin duela “azken orduko aldaketa batzuk” egon direla.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donostiako Udalak uko egin dio Abiadura Handiko Trenaren (AHT) Hernani- Astigarraga zatia eraikitzeko desjabetze aktak sinatzeari.

Udalbatzak ohar baten bidez adierazi duenez, Gobernuak Gipuzkoan duen Ordezkariordetzak lurren jabeak desjabetzera deitu ditu, eta Udala ere bertara deitu du, trenak zeharkatuko duen lursail baten eta errepide publiko biren jabea delako.

Udalak ez ditu aktak sinatu, eta “desjabetuko dituzten lur-eremuak zeintzuk diren” lekuan bertan argitzeko eskatu dio Gobernuaren Ordezkariordetzari.

Udalak ohar baten bidez zabaldu duenez, orain arte ez du izan proiektuaren ibilbide zehatzaren berri eta gaur bertan jakin duela “azken orduko aldaketa batzuk” egon direla.

“Ordezkariordetzak bidali dituen planoen eskala ez da zuzena, eta ez da batere argi geratzen zein lursail desjabetu nahi dizkion udalbatzari, eta zer-nolako eragina izango duten desjabetze horiek errepide publikoetan”.

“Hori dela eta, Udalak lur-eremuan bertan sinatzeko eskatu du, zalantza guztiak argitu ondoren, legeak hori egiteko baimena ematen baitio”, oharraren arabera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea