Gizartea -
Ezkutuko agirien lapurreta
Eskandalua Vatikanoan, isilpeko agirien filtrazioa dela eta
Aita santuaren maiordomoa atxilotu dute ezkutuko agirien lapurreta delitua egotzita eta filtrazioen horien atzean nortzuk egon daitezkeen ikertzen ari da Vatikanoko Justizia.
Erredakzioa
Ezkutuko agirien filtrazio batek hautsak harrotu ditu Vatikanoan. Egoitza Santuko Justizia auzi horren atzean nortzuk egon daitezkeen ikertzen ari da orain eta asteburu honetan Paolo Gabriele Benedicto XVI.aren maiordomoa atxilotu dute isilpeko dokumentuak lapurtzea egotzita.
Aita Santuari eta bere idazkariari igorritako dokumentu bereizien edukien berri nork eman zuen ikertzen ari dira une honetan, hau da, Vaticanoko "beleak" gisa ezagutzen direnak nortzuk diren aztertzen. Isilpeko informazio hori, besteak beste, Gian Luigi Nuzzi kazetariak idatzitako "Sua Santita" liburuan argitaratu da.
Italiako hedabideak "bele" horien artean Vatikanoko Estatutik kanpo bizi den eta aita santuaren nazioarteko bidaien jarraipena egin duen emakume bat egon daitekeela aipatzen dute, baita Italiako kardinal bat ere. La Repubblica egunkariak astelehen honetan ustez, dokumentu bereizien inguruko informazioa eman duen kideetako bati egindako elkarrizketa argitaratu du, eta auzi horretan erlijiosoak ezezik sekularrak daudela esan du.
Maiordomoa atxilotuta
Bitartean, aita santuaren maiordomoak Vatikanoko segurtasun ziegan beste gau bat pasatu du. Asteburuan atxilotu zuten, Corriere della Serak dakarrenez bere etxean egindako miaketetan isilpeko agiriz betetako lau kutxa atzeman dituzte.