Gizartea -

Amiantoak eragindako heriotza

30 urtez amiantoaren eraginpean lanean egon den arrantzale bat hil da

Langilea (61 urte) goizaldean zendu da, berea lanbide-gaixotasuna zela aitortzen zion epaia ezagutu gabe.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

CCOO sindikatuak Ondarroako (Bizkaia) arrantzale bat hil dela salatu du gaur. Horren arabera, mesotelioma edo pleurako minbiziaren eraginez hil da, 30 urte baino gehiago amiantozko materialez egindako itsasontzietan lanean aritu ondoren.

Sindikatuak zabaldu duenez, langilea (61 urte) goizaldean zendu da, atzo kaleratu zuten epaia ezagutu gabe; berea lanbide-gaixotasuna zela onartu zioten bertan.

CCOOren arabera, epai horretan, Bilboko Lan Arloko 10. Epaitegiak berretsi egin zuen langile horrek zuen minbiziak lanbidean zuela jatorria. Hori dela eta, “ezintasun iraunkor absolutua” aitortu zion, “Mutualiak, Fraternidad eta MC Mutual mutualitateek eta Nuevo San Luis, Beti San Luis, CB eta Boga Boga arrantzontzien jabe diren enpresek babestuta, arrantzaleak amiantoaz ez zuela inolako harremanik defendatu zuten arren”, nabarmendu du CCOOk komunikatu baten bidez.

Sindikatuaren esanetan, epaiak zehazten duenez, Itsasoko Gizarte Institutuak hartu beharko du bere gain kalte-ordaina ordaintzeko ardura, eta ez Mutualiak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea