Gizartea -
Pilotakada bat jaso zuen
Bost ertzain epailearekin lanean ari dira Cabacasen heriotza argitzeko
Ertzaintzaren bost ikertzailek osatutako taldea Bilboko Epaitegiekin elkarlanean ari da, jazotakoa berritzeko eta ondoren, agenteen balizko erantzunkizun penala zehazteko asmoz.
Erredakzioa
Ertzaintzak bost ikertzailek osatutako talde bat bidali du Bilboko 10. Instrukziozko Epaitegira epaileekin elkarlanean aritzeko eta Iñigo Cabacas Athleticen zalearen heriotza argitzeko asmoz. Cabacas joan den apirilaren 9an hil zen, Athleticen partidaren ostean Bilbon izandako istiluetan Ertzaintzaren pilotakada bat jaso ostean.
Epaitegietako iturriek zabaldu dutenez, jazotakoa berrituko dute eta ondoren, agenteen balizko erantzunkizun penala zehaztuko dute. Gainera, ikerketak "pilotakadaren lekua, testuingurua edo agentearen kokalekua" argitzea du helburu.
"Ikerketa luzea eta konplikatua"
Epaitegi hau, Ertzaintzak bidalitako taldea, biktimen familia eta Fiskaltza izapideak ari dira egiten. Aurreratu dutenez, ikerketa "luzea eta konplikatua" izango da, istiluetan parte hartu zuten agenteen eta lekukoen kopurua handia delako. Agenteen jokabidea zuzena izan ote zen ezarriko dute.
Printzipioz, "engainuzko hilketa" delitua errefusatu dute baina litekeena da "zuhurtziagabekeriazko hilketa" leporatzea ez bakarrik pilotakada bota zuen agenteari, Ertzaintzaren arduradunari ere baizik.