Gizartea -
M29ko greban zauritua
Nafarratek bideoak aurkeztu ditu pilotakadak zauritu zuela erakusteko
Gaztea Gasteizen zauritu zen martxoaren 29an eta Herrizaingo Sailak dio lurrera erorita zauritu zela. Aresek Eusko Legebiltzarreko Herrizaingo eta Justizia Batzordean hitz egingo du gaiaz, asteartean.
Erredakzioa
Xuban Nafarrate martxoaren 29ko greba orokorrean Gasteizen zauritu zen gazteak bi bideo aurkeztu ditu auzitegian Ertzaintzaren pilotakada batek zauritu zuela erakusteko eta Herrizaingo Sailaren bertsioa gezurtatzeko, izan ere, Jaurlaritzak esan zuen lurrera erorita zauritu zela Nafarrate.
Gazteak konortea galdu zuen eta Zainketa Berezien Unitatean sartu behar izan zuten sei egunez garezur garuneko traumatismoagatik.
Gaztearen abokatuak salaketa jarri zuen Gasteizeko Instrukzio Epaitegian eta salaketarekin batera bi bideo aurkeztu zituen.
Nafarrateren abokatuaren esanetan, irudi horietan argi ikus omen daiteke gazteak nola galtzen duen konortea pilota jaurtigailuaren zarata entzun eta berehala. Bideo horrek hankaz gora jartzen du Herrizaingo Sailak emandako bertsioa, abokatuak azaldu duenez.
Zauritutako gazteari desordena publikoak egitea leporatzen dio Herrizaingo Sailak eta dagoeneko auzitegian dago bere kontrako atestatua.
Gertatutakoa argitzeko asmoz, Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak agerraldia egingo du Eusko Legebiltzarreko Herrizaingo eta Justizia batzordean.
Era berean, Nafarrateren aitak hitz egingo du Legebiltzarrean maiatzaren 9an.