Gizartea -
Fiskaltzarentzat
Cabacasen heriotza arduragabekeriazko homizidioa izan daiteke
Egun horretan parte hartu zuen Ertzaintzako patruila identifikatzen saiatuko da Fiskaltza, eta deklaratzera dei egingo die.
Erredakzioa
Juan Calparsoro EAEko fiskalburuak esan du Iñigo Cabacasen heriotza "arduragabekeriazko homizidioaren ustezko delitua" izan daitekeela, nahiz eta ikerketak "ustekabeko gertaera" izan zela ondorioztatu dezakeen.
Bestalde, Calparsororen hitzetan, egun horretan parte hartu zuen Ertzaintzako patruila identifikatzen saiatuko da Fiskaltza, eta deklaratzera dei egingo die ertzainei. Efe agentziari egindako adierazpenetan, Calparsorok esan du heriotza konfirmatu eta berehala Bilboko instrukzioko epaitegiak izapideak ireki zituela, eta bertan, Iñigo Cabacasen gorpuari autopsia egiteko agintzen zela.
Autopsiaren emaitzen arabera, gomazko pilota batek buruan jo zuen Iñigo Cabacas eta zauriek heriotza eragin zioten.
Lehen frogen arabera, "arduragabekeriazko homizidioa" izango litzateke, kasu honetan "ez baitirudi oso gertaerraza ertzainek gomazko pilota nahita bota izana".
Hala ere, aldi berean, "deliturik ez egotea" gerta daiteke, "ustekabeko gertaera" izan zela ondorioztatu daitekeelako. Caparsororen ustez, "gomazko pilotak erabiltzen dituztenek badakite minik egin gabe tiro egiten" eta epaitegia Ertzaintzaren txostenaren zain dagoela gaineratu du.
Ertzainek esaten dutenaz gain, lekukoei ere entzun beharko zaiela adierazi du, ikerketa bukatzeko eta Fiskaltzak gertatutakoaren behin betiko ebazpena eman ahal izateko.