Gizartea -

Iñigo Cabacasen heriotza

Aresek aitortu du balitekeela Ertzaintzak 'zabarkeriaz' jokatu izana

Herrizaingo sailburuak esan du balitekeela agenteek protokoloak bete ez izana.

Rodolfo Ares Herrizaingo sailburua. EITB
Rodolfo Ares Herrizaingo sailburua. EITB
Aresen elkarrizketaren laburpena, Iñigo Cabacasen heriotza eta gero

02:09

David Perez

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak aitortu du balitekeela Ertzaintzak "zabarkeriaz" jokatu izana ostegunean, hots, istilu batzuetan esku-hartu eta Iñigo Cabacas 28 urteko gaztea pilota batez jo zuenean.

Radio Euskadiko "Boulevard" saioan egindako elkarrizketan, Aresek zehaztu du balitekeela agenteek protokoloa "zehatz-mehatz" bete ez izana Maria Diez de Haro kalean izan ziren istilu bakanetan. Iñigo astelehenean hil zen Basurtuko Ospitalean, ostegunetik koman izan eta gero. Egun horretan, ostegunean, pilotakada bat jaso zuen, berak parte hartu ez zuen istiluetan.

Hori horrela, Herrizaingo sailburuak berretsi du "azken ondorioak arte" ikertuko dutela gertatutakoa, eta erantzukizunak zehaztuko dituztela.

Horren ildotik, Aresek azaldu du Ertzaintzaren arauek espedienteak irekitzea aurrez ikusten dutela, baina ez du baieztatu nahasitako agenteen aurka bide penaletik ere joko duten.

Dimititzeko asmorik duen galdetu diotenean, Aresek erantzun du une honetan gertatutakoa argitzea dela bere "irrika pertsonala".

Herrizaingo sailburuak ez du zehaztu bere Sailak gomazko piloten erabilera debekatuko duen, baina bihar Eusko Legebiltzarrean egingo duen premiazko agerraldian horren inguruko azalpenak emango dituela gaineratu du.

Iazko ekainean, Europako Batzordeak gomazko pilotak erabiltzea debekatu egin zion Ertzaintzari, oso arriskutsuak direlako. Orduan, Herrizaingo Sailak jakinarazi zuen berritu egingo duela istiluen aurkako materiala 2012 urtea bukatu baino lehen.

Ezker abertzaleak egindako kritikei dagokienez, sailburuak salatu egin du Iñigoren heriotza "politizatzen saiatu izana". "Nazkagarria da indarkeria beti justifikatu eta babestu eta Ertzaintzaren aurkako erasoak sustatu dutenek tankera horretako adierazpenak egitea", nabarmendu du.

Iñigoren hileta 19:30ean egingo dute, Bilboko Corpus Christi elizan, Poza Lizentziatuaren kalean. Aresek azaldu du Jaurlaritzak ekitaldira joan edo ez aztertu duela, eta azkenean ez duela egingo, errespetu seinale gisa eta heriotza ez politizatzeko.

Azkenik, Aresek goratu egin du Cabacas Liceranzu sendia, semearen oroimena aldarrikatu eta haren heriotza ez politizatzea eskatu baitu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea