Gizartea -
Iñigo Cabacasen heriotza
Azken agurra Iñigo Cabacasi
Hileta 19:30ean izango da, Bilboko Corpus Christi elizan, Poza Lizentziatuaren kalean.
Erredakzioa
Senideek, lagunek, Athletic Cluben zaleek eta euskal gizarteak oro har azken agurra emango diote gaur Iñigo Cabacas Liceranzu-ri, hots, Ertzaintzaren pilotakada batek hil zuen 28 urteko gazteari. Heriotzak euskal gizartea astindu, eta haserre handia eragin du, Poliziaren jokabidea dela eta. Hileta arratsaldean egingo dute, 19:30ean, Bilboko Corpus Christi elizan, Poza Lizentziatuaren kalean. Bihar, Bilduk elkarretaratzea deitu du Bilbon: Eguerdiko 12:00etan izango da, Udaleko eskaileretan. Autopsiak baieztatu egin du senideek eta lagunek hasieratik esandakoa: Iñigo Ertzaintzak gertutik botatako pilota batek jota zauritu zela. Azterketak ez du zehazten zenbat metrotara bota zituzten ertzainek pilotak, baina "metro gutxira" izan zela ondorioztatu du. Lekukoen esanetan, agenteek "inor bereizi" gabe eta pilotak hormen edota lurzoruaren aurka errebotatzen saiatu gabe egin zuten tiro. Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak premiazko agerraldia egingo du bihar Eusko Legebiltzarrean, azalpenak emateko. Gaur goizean Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean, Aresek aitortu egin du balitekeela Ertzaintzak "zabarkeriaz" jokatu izana". Autopsiaren emaitzak ezagutu baino lehen, Aresek aurreratu zuen "azkeneraino" ikertuko dutela gertatutakoa, eta erantzuleak aurkituko dituztela. Agiri batean, senideek eta lagunek eskertu egin dituzte babes eta maitasun keinu guztiak, eta laguntza eskatu diete gertatutakoa argitzeko datuak dituztenei. Izan ere, haien helburua "azken ondorioetara" iristeko "ikerketa gardena" abiatzea da. Zeregin horretarako, hots, datuak jasotzeko eta lekukoekin harremanetan jartzeko, helbide elktroniko bat sortu dute: i.cabacas.liceranzu@hotmail.com Autopsiaren lehen datuak ezagutu eta gero, "haserrea" agertu dute, hedabideei filtratu dizkietelako. "Datu horiek ezagutzeko interesa duten lehenak gu gara, eta gertatutakoa [filtrazioa] errespetu falta iruditzen zaigu", gaineratu dute.
Iñigo astelehenean hil zen, Basurtuko Ospitalean, hiru egun koman izan eta gero.