Gizartea -
Iñigo Cabacasen heriotza
Senideek eta lagunek 'azken ondorioetaraino' ikertzea exijitu dute
"Gertatutakoa argitzeko balio dezakeen daturen bat duten guztiei" familiarekin harremanetan jartzeko eskatu dute.
Erredakzioa
Iñigo Cabacasen (iragan astean Ertzaintzaren pilotakada bat jaso ostean atzo hildako gaztea) senideek eta lagunek eskerrak eman dituzte jasotako babesagatik eta "gertatutakoa argitzeko balio dezakeen daturen bat duten guztiei" familiarekin harremanetan jartzeko eskatu dute. Izan ere, haien helburua "gertakariak argitzea, ikerketa gardena izatea eta azken ondorioetaraino iristea" omen da.
Familiak eta lagunek, agiri batean, eskerrak eman dituzte jasotako "babes, elkartasun eta maitasun keinuengatik".
Autopsiaren lehenengo emaitzek pilotakadaren teoria baieztatu dutela eta, haserre agertu dira "filtrazioengatik", zeren "datu horiekiko interesa duten lehenengoak familia eta lagunak gara eta errespetu falta iruditzen zaigu gertatutakoa.
Hala ere, hedabideetan agertutakoak haiek esandakoa berresten duela azpimarratu dute, "Iñigo Ertzaintzak jaurtitako pilota batek jota hil zela", alegia.
Azkenik, Iñigo Cabacasen omenezko hileta-elizkizuna bihar 19:30ean Bilboko Corpus Cristi elizan izango dela gogorarazi dute.