Gizartea -
72 ordu koman izan zen
Haserrea eta hunkipena Iñigo Cabacasen heriotza dela eta
Haren lagunek esan dute Ertzaintzaren pilotakada batek jota hil dela, baina Herrizaingo Sailak ez du hipotesirik baztertzen.
Erredakzioa
Iñigo Cabacas Liceranzu-ren heriotzak hunkitu egin du euskal gizartea, eta ekaitz politiko handia eragin du.
28 urteko gaztea atzo hil zen, ostegunetik koman egon eta gero. Hain zuzen ere, Athletic-Schalke 04 partidaren ostean zauritu zen, berak parte hartu ez zuen istilu batzuetan.
Harekin zeuden lagunen esanetan, Ertzaintzaren pilotakada batek jo zuen. Herrizaingo Sailak, baina, ez du hipotesirik baztertu, eta ezezagunek jaurtitako botila batek jo ote zuen ere aztertzen ari da.
Politikagintzan, Amaiurrek dimititzeko exijitu dio Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuari, heriotzaren "erantzule politikoa" izatea egotzita, eta Iñigo Urkullu EAJko presidenteak gertatutakoa "zehatz-mehatz ikertzeko eta zalantza guztiak argitzeko" eskatu du.
Aresek berak premiazko agerraldia egingo du ostiralean Eusko Legebiltzarrean, azalpenak emateko. Gaur, 13:00etan, gainera, prentsaurrekoa eskainiko du Erandiotik.
Iñigoren hileta asteazken honetan egingo dute, 19:30ean, Bilboko Corpus Christi elizan, Poza Lizentziatuaren kalean.
HASERREA
Iñigoren lagunek omenaldia egin zioten atzo arratsaldean, larri zauritu zuten lekuan bertan. Haiekin batera, mila pertsona baino gehiago elkartu ziren.
Leku horretan Athleticen banderak zeuden, eta "Ez dago eskubiderik. No hay derecho. Iñigo gogoan zaitugu" zioen pankarta bat. Bertan, lagunek lore-sortak eta kandelak utzi zituzten.
Hamabost minutuko isilunea egin eta gero, biktimaren lagun batek ekitaldia bukatutzat eman zuen, eta lasaitasunez joateko eskatu zien partaideei. "Sendiak ez du inolako liskarrik nahi", esan zuen.
Interneteko erabiltzaileek ez dute sinisten Herrizaingo Sailaren bertsioa, eta Ertzaintzaren aurka egin dute. Gaia 'trending topic' izan zen atzo Twitterren, eta Facebooken "Justizia para Iñigo Cabacas Liceranzu" taldea sortu dute haren lagunek. Horrekin, justizia ez ezik, Ares sailburuaren dimisioa eta lekukoen laguntza ere eskatu dute. 08:00etan, 7.500 kide zituen taldeak.
Athletic Clubek ez du adierazpenik egin gertatutakoaren inguruan, baina hainbat jokalarik doluminak adierazi dituzte Twitterren.
Haien arteko lehena, Ibai Gomez: "Doluminak Iñigoren senideentzat. Oso tristea da futbolaren inguruan halakoak gertatzea. Goian bego". Ondoren, Fernando Llorentek ere hitz egin zuen: "Nire babes guztia Iñigo Cabacas Liceranzuren sendiarentzat, penagarria da futbol zelai batean horrelakoak gertatzea". Koikilik justizia eskatu zuen: "Egun tristea guztiontzat! Iñigoren familiari indarra, berotasuna eta gertutasuna! Benetako justizia behar dugu!".BI BERTSIOAK
Herrizaingo Sailak behin betiko bertsiorik eman ez badu ere, ostiralean honakoa eman zuen: Ostegun gauean, "hainbat dei" jaso zituen, Maria Diaz de Haro kalean, "Herriko Tabernaren ondoan", pertsona bat ia konorte barik eta burutik odoluzten zegoela ohartarazteko.
Patruila batzuk "herriko tabernaren parera" bertaratu zirenean, "hainbat pertsona botilak eta harriak jaurtitzen hasi ziren", eta beraz, agenteek istiluen aurkako materiala erabili zuten erasotzen ari ziren pertsonak sakabanatzeko.
Ertzaintzak esan du horren ondoren jakin zuela zauritutako bat ospitalean zegoela, eta ez dagoela "argi" pilotakada baten ondorioz zauritu zen edo deietan ohartarazitako zauritutakoa zen.
Iñigorekin zeuden lagunek, baina, beste bertsio bat eman dute. Euren esanetan, ertzainak heldu eta gero zauritu zen gaztea, hots, pilotakada batek sortu zizkion zauriak.
Hedabide batzuek aipatutako lekukoek azaldu dutenez, hainbat pertsonak eraso egin zioten Ertzaintzari, bai, baina betiere polizia oldartu eta gero.
Gaur egingo diote autopsia gorpuari, eta Iñigo zerk hil zuen argitzea espero da. Rafael Bengoa Osasun sailburuaren esanetan, emaitzak "bizpahiru egunen buruan"ezagutuko dira.