Gizartea -
Parte medikoa
Bilbon pilotakadagatik zauritutako gazteak oso larri jarraitzen du
Basurtuko ospitalearen azken parte medikoaren arabera, gaixoak garezur barruko presioan ezegonkortasun handia du.
Erredakzioa
Basurtuko ospitaleak bidali duen azken parte medikoaren arabera, Bilboko istiluetan pilotaka batek zauritu zuen gazteak garezur barruko presioan ezegonkortasun handia du eta lasaigarriekin eta aireztapen mekanikoarekin jarraituko du datozen egunetan. Oso larri dago.
Herrizaingo saila ikertzen ari da Ertzaintzak botatako pilotakada batengatik zauritu zen ala ez.
Herrizaingo Sailak azaldu duenez, "zenbait dei" jaso zituen Ertzaintzak istiluen unean. Horien arabera, Maria Diaz de Haro kalean, "herriko tabernaren ondoan, burutik odola zerion zauritu" bat zegoela ohartarazten zuen deia.
Ertzaintza bertara iritsi zenean, ustez botilak eta harriak bota zizkieten eta ondorioz, Ertzaintzaren oldarraldiaren ostean, gazte bat Basurtuko ospitalera larri eraman zutela jakin zuten. Horregatik, aldez aurretik zaurituta zegoen edo oldarraldiaren ondorioz zauritu zen ikertzen ari dira.