Gizartea -
Gaixotasun kroniko batengatik
Osasun arretan sortutako arazo batek Trebiñuren gatazka berpiztu du
Trebiñun erroldatuta dagoen emakume bat Txagorritxutik Burgoseko erietxe batera igorri dute. 10 bat kilometrora du Gasteizko ospitalea, eta 100 kilometrora, berriz, Burgosekoa.
Erredakzioa
Gaixotasun kroniko bat duen Trebiñuko emakume bat Txagorritxutik Burgoseko erietxe batera igorri izanak Trebiñuren atxikipenaren inguruko gatazka berpiztu du.
Astearte honetan, emakume horrek eta bere familiak bizi duten egoera salatzeko akordioa onartu dute Trebiñuko Udalean.
Proposamena aurrera eraman duten sei zinegotziek azaldu dutenez, bere herritik 10 bat kilometrora dagoen Gasteizko Txagorritxu ospitalera igorri zuten emakumea, gaixo. Baina, gaixotasun hori kronikoa zela ikusita, eta Trebiñun erroldatuta dagoenez, Gasteiztik Burgoseko San Juan de Dios erietxera bideratu zuten, etxetik 100 kilometro baino gehiagotara.
Ciudadanos del Condado, Agrupacion Independiente, EAJ eta Bildu alderdien aldeko botoekin onartu dute egoera salatzeko proposamena, eta kontra bozkatu dute PPko kideek (tartean Trebiñuko alkateak ere).
Orain aste batzuk EAE eta Gaztela eta Leon erkidegoek sinatutako jarduera protokoloak Trebiñuko beharrei erantzuteko gai ez dela salatu dute testu horretan, eta elkarretaratzeak deitu dituzte.