Gizartea -
'Palma Arena' auzia
Urdangarinen enpresek Cristina infantaren gastuak ordaintzen zituzten
Sumarioko zenbait dokumentuk infanta eta fakturak desbideratzeko tramaren artean lotura zuzena zegoela frogatzen dute.
Erredakzioa
'Palma Arena' auziako sumarioaren zenbait dokumentuk Cristina infanta Noos Institutuaren ustelkeria-egiturarekin nahasten dute. Ondorioz, infanta Iñaki Urdangarinen negozioen berri zuela frogatuta geratuko litzateke.
Ostegun honetan eleconomista.es egunkari digitalak publikatutakoaren arabera, erregearen alabak 3.000 euro jasotzen zituen hilean "gastu pertsonalei" aurre egiteko. Hori da Zerga-Agentziak esaten duena, eta ordainketak egitearen arduraduna Aizoon enpresa zela gaineratzen du. Informazioa Palmako Dukeak Jose Castro epailearen aurrean deklaratzeko 72 ordu eskas falta direnean zabaldu da.
Dokumentoen artean mezu elektronikoak ere badaude, Cristina infantaren laguntzaile pertsonalak Nooseko finantza-arduradunei bidalitakoak fakturak non eta nola aurkeztu galdetzeko. Kasu honetan, erregearen alaba "ustelkeria egituratik onura zuzena atera zuen".
Cristina infanta, deklaratzera?
Dokumentazio horrek Cristina infanta ikertzea eta deklaratzera dei dezatela ekar lezake, Manos Limpias sindikatuak aurretik eskatu bezala.
Horren harian, Castro epaileak dagoeneko Fiskaltzari galdetu dio infanta deklaratzera deitzea komeni den edo ez. Gai hori alde batera utzi dute azken asteetan Urdangarin emazteak ezer jakin gabe ari zela uste zutelako. Hala ere, asko izan dira infanta jakinaren gainean zegoela salatzen dutenak, Aizooneko % 50aren jabe izanda eta Noos Institutuko zuzendaritzan egonda ezin zuelako ezikusiarena egin.
Epaileak Cristina Borboikoa deklaratzera deitzen duen ala ez otsailaren 28tik aurrera erabakiko dute.