Gizartea -

Testigantza

Langile batek aitortu egin du ume lapurtuen sarean parte hartu izana

30 urteren ostean, ehorztetxe bateko gidari batek gertatutakoa aitortu du. Biktimen salaketak babestu dituen lekuko bakarretakoa da.

Lehendakariak uste du "medikuak, ospitaleak eta hilerriak" daudela auzian nahasita
Lehendakariak uste du "medikuak, ospitaleak eta hilerriak" daudela auzian nahasita
Lehendakariak uste du "medikuak, ospitaleak eta hilerriak" daudela auzian nahasita

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

50eko eta 90eko hamarkaden artean jazotako jaioberri lapurtuen auzia gero eta kutsu hunkigarriagoa hartzen ari da azken asteetan ezagutzen ari diren datuen ondorioz.

Izan ere, pertsona asko ohartu dira euren gurasoak ez direla guraso biologikoak, eta adopzioa legezkoa izan zen zalantzan jartzen hasi dira. Argi geratu da ume lapurreten atzean sare bat zegoela: umeak bahitu eta beste sendi batzuei eskaintzen zizkieten, eta hileta faltsuak antolatzen zituzten guraso biologikoen aurrean seme-alaba hilik zegoela simulatzeko.

Sare horretan parte hartu dutenak isilik egon dira, baina orain, lapurretetan nahasita izan zen pertsona batek egindakoa aitortu du Radio Euskadiko "Ganbara" saioan.

1979 eta 1988 urteen artean Granadako ehorztetxe batean egin zuen lan, gidari gisa, eta hileta askotara hutsik zeuden hil-kutxak eraman zituela azaldu du. Antonio du izena, eta 30 urteren ostean, kontzientziak egindakoa aitortzera bultzatu du. Justiziara ere jo duela esan du.

"Ama-Haurren Granadako Ospitaletik deitzen zidaten, ustez hilik zeuden umeen hileta-zerbitzuak egiteko. Nik, ehorztetxeko langile gisa, hil-kutxa txikiak eramaten nituen, gorputegira jaisten nintzen, eta bertan zera esaten zidaten, 'Hartu pakete hau, sar ezazu hil-kutxan, hartu ziurtagiria, eta hilobiratu dezatela', eta nik hori egiten nuen. Baina kontua da pakete batzuk 200 gramo eskasekoak zirela", azaldu du.

Antoniok gaineratu du "harritu" egiten ziola hileta-zerbitzu horiek umeen senideak gabe egiteak: "Ez zen inoiz senide bakar bat ere egon hileta-zerbitzuaren unean, eta horrek harritu egiten ninduen".

Ehorztetxeko langileak salatu du "mafia" horrek "erabili" egin zuela. "Gertatutakoa kriminala da. [...] Luze hitz egin daiteke gertatutakoaz", nabarmendu du.

Lapurtutako haurren kasuak Espainia osoan ari dira azaleratzen, baina Euskal Autonomia Erkidegoa da kasu gehien ikertzen ari diren tokia.

Atzo Patxi Lopez lehendakariak adierazi zuen lapurreta horiek ezin izan zituela egin pertsona bakar batek, "mediku, ospitale eta hilerrien artean ongi antolatuta" egon behar zutela, alegia, eta gertatutakoa "amaiera arte" ikertu beharko dela ohartarazi zuen.

Orain arte, hiru hilobi ireki dituzte EAEn, bat Bizkaian eta bi Gipuzkoan, baina bakar batean ere ez dute ustez han hilobiratu zituzten haurren gorpuzkirik aurkitu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea