Gizartea -
Kronologia
Hiru hilabeteko osasun gatazka Errioxarekin
Errioxako eta EAEko gobernuek gaur sinatuko duten akordioarekin amaiera emango zaio Errioxako Gobernuak piztu zuen gatazkari, izan ere, uko egin zion Arabako gaixoak artatzeari zuen kostuagatik.
Erredakzioa
Gaur amaituko da, behin behineko akordio baten sinadurarekin, Errioxaren eta Jaurlaritzaren hiru hilabeteko osasun gatazka.
Errioxako Gobernuak irailean esan zuen beste erkidegoetako gaixoei ematen zien arretak gastu ekonomiko handia eragiten zuela eta aurrekontuentzat jasanezina zela. Begi guztiak EAEra begira jarri ziren orduan, izan ere, Arabako herritar asko Logroñora joaten dira ospitalera, Gasteizekoa baino askoz ere gertuago dutelako.
Orduan, Errioxako Gobernuak esan zuen diruaren edo osasun-zerbitzuen truke jarraituko zuela Arabako gaixoak artatzen, 7 milioi euroko kostua aitortu baitzion.
Baina diru kopuru horretan ez ziren kontuan hartu EAEk gastatzen dituen 28 milioi euroak Errioxako, Kantabriako eta Burgoseko herritarrak artatzeko. Hori horrela, Osasun Ministerioari entzungor egin eta 11.000 arabar Logroñoko San Pedro ospitalera joateko aukerarik gabe geratu eta etxetik 3-10 kilometrora duten ospitalera joan beharrean Gasteizera joaten hasi ziren, ordubeteko bidaia eginez.
Kaltetutako herritarrek protestei ekin zieten eta hainbat manifestazio egin zituzten Oionen (Araba). Ruben Garrido Oiongo alkateak (PPkoa, Errioxako presodentea bezalaxe) gose greba hasi zuen Gobernu Ordezkaritzaren aurrean.
Horren atzetik negoziazioak hasi ziren, eztabaida gogorrak sortu eta Jaurlaritzak Errioxaren ekintza bera egin eta Errioxako herritarrak ez artatzea aztertu zuen.
Baina azkenean, aldebiko negoziazioen ondoren, akordioa iritsi zen, eta behin betikoa izango ez den arren, milaka arabarren irtenbidea izango da.