Gizartea -
Osasun gatazka
Arabako gaixoak hartzen ez baditu, EAEk ez du Errioxarekin negoziatuko
"Mugakideen osasun arreta nola kudeatu maila nazionalean" adostu behar dela berretsi du EAEko Osasun sailburuak, Rafael Bengoak.
Erredakzioa
Rafael Bengoa Osasun sailburuak esan du ez dela Errioxako bere homologoarekin bilduko astelehen honetan, azken honek ez badu lehenago mugako herrietako gaixoak berriz artatuko dituela idatziz argi uzten.
Errioxa eta EAEren arteko gatazka irailean hasi zen, alderdi popularreko Pedro Sanz buru den Errioxako gobernuak, Arabako errioxako gaixoei osasun zerbitzuak ukatu zizkienean.
Euskal sailburuari egindako elkarrizketak argitaratu dituzte El Correo eta El Mundo egunkariek, eta bertan bart oraindik ez zuela inongo dokumenturik jaso dio Bengoak.
Sailburuak esan duenez, orduak aurrera joan ahala, baikortasuna gutxitzen ari da. Berriz ere Errioxak gaixo hauek artatuko dituela dioen idatzizko konpromiso bat eskatu dio euskal sailburuak.
Bien arteko bilera egon ezean, gai hau Osasun ministerioaren lurralde arteko lehenengo batzarrean eztabaidatu beharko litzatekeela uste du.
Bengoak berretsi du Eusko Jaurlaritzak ez diola Errioxari ordainduko Arabako gaixoak artatzeagatik,eta "mugakideen osasun arreta nola kudeatu maila nazionalean" adostu behar dela.