Gizartea -
Sevilla
Marta del Castilloren hilketaren auzia epaiaren zain geratu da
Miguel Carcañok barkamena eskatu die Martaren gurasoei epaiketaren azken saioan, baina biktimaren gorpua non dagoen ez dakiela esan du.
Erredakzioa
Marta del Castilloren bortxaketaren eta hilketaren auziaren azken saioa izan da gaur Sevillan, auzia epaiaren zain geratu da. Miguel Carcañok Martaren gurasoei barkamena eskatu die eta biktimaren gorpua non dagoen ez dakiela erantzun du.
Carcañok esan duenez, ez zen bere asmoa "Martaren familiari hainbeste min" eragitea, eta Samuel Benitez ustezko konplizeak neskatoa bere laguna zela azaldu du eta berak ez duela gertakariarekin inolako zerikusirik.
19 saioren ondoren neskatoaren bortxaketa eta hilketa aztertzen duen auzia epaiaren zain geratu da. Fiskalak 52 urteko kartzela zigorra eskatu du Miguel Carcañorentzat hilketa eta bortxaketa delituagatik. Halaber, ustezko hiru konplizeentzat bost eta zortzi urte arteko kartzela zigorra eskatu du.
Maria Garcia, Miguel Carcañoren anaiaren neska lagunaren abokatua izan da gaur deklaratu duen azkena. Garciaren abokatuaren iritziz, neskatoaren gorpua ez zuten urtarrilaren 25eko goizaldean desagertarazi, akusatuek dioten bezala, arratsaldeko 21:34 eta 23:34 artean baizik, hori da, hain zuzen Poliziak buruan darabilen ordutegia.
Gaurko saioa Martaren desagerpenaz akusatuta dauden hiru konplizeen abokatuen defentsa lanean oinarritu da. Ustezko konplizeek, euren parte hartzea ukatu dute, Miguel Carcañok berriz, balizko hiru urteko kartzela zigorra onartu du zuhurtziagabekeriazko giza hilketa delituagatik, biktimari eztabaida baten ondoren burura hautsontzi bat jaurti eta hil zuela onartuta.