Gizartea -
Epaiketa
Ellacuria auziko epaiaren irakurketa, zuzenean eitb.eus
Auzitegi Nazionalak ostiral honetan jakinaraziko du epaiketako epaia, irakurketa publiko batean.
Agentziak | Erredakzioa
Auzitegi Nazionalak ostiral honetan jakinaraziko du Ellacuria auziko epaia, irakurketa publikoan. Hain zuzen ere, duela 30 urte El Salvadorren Ignacio Ellacuria euskal herritarraren eta beste lau jesuitaren hilketa epaitu dute auzi horretan. Inocente Montano El Salvadorko koronel eta Defentsa ministrorde ohia eseri da akusatuen aulkian.
Epaia 13:00etan ezagutaraziko dute, eta eitb.eus-ek zuzenean eta streaming bidez eskainiko du irakurketa publikoa.
Montano izan da Espainiako Justiziak epaitu duen El Salvadorko lehen militar ohia, eta Fiskaltzak 150 urteko kartzela-zigorra eskatu du berarentzat bost hilketa terrorista egotzita.
Fiskaltzaren arabera, biek parte hartu zuten, 1989ko azaroaren 16an, bost jesuiten hilketen "erabakian, diseinuan eta exekuzioan". Testuinguru horretan, Ignacio Ellacuria Ertamerikako Unibertsitatearen errektorea zen, eta Liberazioaren Teologiaren ideologoetako bat.
Espainiako Justiziak 20 bat militar ohi auzipetu zituen, baina El Salvadorko agintariek ez zieten estradizio aginduei jaramonik egin.
Montano bi urtez egon zen preso AEBn, 2017ko azaroaren 29an Espainiaren esku utzi aurretik.
El Salvadorko koronel ohiak adierazi duenez, berak ez zuen duela 30 urte bost jesuitak hiltzeko agindurik eman, ez zuen "arazo pertsonalik" euskal erlijiosoaren aurka eta "ez zen sekula mina egiteko asmorik egon", ez Ignacio Ellacuriari, ez Elizari, ezta UCA Ertamerikar Unibertsitateari ere.
Halaber, erantsi du ez zela jesuitak hiltzea ustez agindu zuten bileran egon eta ez zituela krimenok estali, Alfredo Cristiani presidenteari ikerketa "nazioarteko laguntzarekin" egin zedila aholkatu baitzion.
Ellacuriaren aurka zerbait ote zuen galdetuta, Montanok erantzun du ez zuela "inola ere" ezer haren kontra, eta presidentearen "gertuenetakoa" zela. "Eragiteko ahalmena" zuenez, aholkulari jarduten zuen FMLNrekiko bake-akordioetan. "Ez zuen presidentea bakarrik aholkatzen, FMLNko agintariak ere bai. Terroristekin bildu zen", erantsi du.
Bere arrazoibidea indartzeko, koronel ohiak gogora ekarri du hilketak argitzeko sortu zuten egiaren batzordeak ez zuela inoiz deklaratzera deitu, "delitua soldaduek egin baitzuten, ez poliziek", eta berak azken horien ardura zuela.