Gizartea -

Liskarrak Bilbon

Kukutza gaztetxearen eraisteak istiluak eta 28 atxiloketa utzi ditu

Gauean liskarrak Bilboko erdialdera hedatu dira. 300 bat laguneko protesta bat sakabanatu du Ertzaintzak udaletxearen parean.

24 lagun atxilotu dituzte indusmakinak Kukutzan sartzea eragozteagatik. Argazkia: EFE
24 lagun atxilotu dituzte indusmakinak Kukutzan sartzea eragozteagatik
Kukutzako gaztetzea behera botatzen ari dira

02:52

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email
Kukutza gaztetxea Bilboko

Ertzaintzak 28 lagun atxilotu ditu arratsaldeko liskarretan. Manifestariek hiri-altzariak hondatu dituzte. Era berean, kontainerrak gurutzatu eta su eman diete, gutxienez sei aldiz Errekaldeko kaleetan. Ertzaintzari objektu mingarriak bota dizkiote, Herrizaingo Saileko iturriek jakitera eman dutenez.

Eguerdian eraikina eraisteko agindua eman du epaileak eta 17:00ak aldera kaleak hartu ditu indarkeriak. Ordu horretan gaztetxea eraisteko indusmakinak heldu dira eta Kukutzako defendatzaileek informazio horren berri izan dute.

Makineria oztopatu

Manifestariak edukiontziak iraultzen eta gurutzatzen hasi dira gaztetxearen inguruetan, indusmakinak Kukutzara heltzea oztopatzeko.

Ertzaintzak esku hartu eta manifestariak sakabanatu ditu. Edukiontziak errepidetik kendu eta indusmakina handi bat gaztetxera heldu da.

Kaputxadun langileek eraistea prestatu dute, argindarra eta ur eta gas horniketa moztuz. Obra-hondakinak erori zitezkeen zona sokaz hesi dute langileek. Une horretan Ertzaintzaren eta manifestarien artean aurreneko liskarrak gertatzen ari ziren. Era berean, ertzainek lehen atxiloketak egin dituzte.

Eraistea

18:10 aldera eraikina eraisten hasi dira. Errekaldeko bizilagunak eta gaztetxeko erabiltzaile ohiak hasierako amorrutik tristurara pasa dira eraikineko hormak erortzen hasi direnean.

Ertzaintzak manifestariak sakabanatzen jarraitu du, izan ere, gaztetxetik 500 bat metrora kontainerrak gurutzatzen eta objektuak jaurtitzen jarraitu dute. 20:00etan protesta egiteko manifestaldia hasi denean istiluak areagotu dira.

Ehunka gazte talde txikietan antolatu dira eta Gordoniz, Salvador eta Calixto Diez kaleetan edukiontziak gurutzatu dituzte eta ondoren su eman diete.

Protestak Bilboko udaletxean

Gauean istiluak eta liskarrak Bilboko erdialdera eraman dituzte manifestariek, Herrizaingo Saileko iturriek jakitera eman dutenez.

Errekaldeko auzoa utzi eta gero, manifestariak hiriko udaletxera abiatu dira elkarretaratzeak jarraitzeko.

300 bat laguneko protesta bat sakabanatu du Ertzaintzak Bilboko udaletxearen parean, manifestariek eraikinaren eta ertzainen kontra harriak bota dituztelako.

Gaueko autobus zerbitzua bertan behera uztea erabaki du Bilboko Udalak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea