Gizartea -

Bilbo

Epaileak Kukutza gaztetxea eraisteko baimena eman du

Epaileak atzera bota du epaiketa bat egiteko eskaria. Errekaldeberrizen abokatuak epaiketa bat irekitzea eskatu zuen, eraisteko aginduak Bilboko Hiri Ordenamenduaren Plan Orokorra urratzen zuelakoan.

Iñaki Azkuna: 'Ilegala da eta ondasun pribatuak defendatzen ditugu.'

00:52

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bilboko Auzitegiak Kukutza gaztetxea eraisteko agindua eman du, epaitegiko iturriek jakitera eman dutenez. Errekalde auzoan dagoen eraikina iragan asteazkenean hustu zuen Ertzaintzak eta hainbat istilu gertatu ostean, Epaitegiak bertan behera utzi zuen eraisteko agindua bizilagunen helegitea aintzat hartuta, baina orain berriro eman du eraikina botatzeko baimena.

Atzo Errekaldeberriz elkarteak aurkeztutako helegitea aztertu zuen Auzitegiak eta alde guztiekin (elkartea, Udala eta Cabisa SA eraikinaren jabea) bildu ondoren, gaur ebazpena eman du. Epaileak atzera bota du epaiketa bat egiteko eskaria. Bizilagunen elkarteko abokatuak epaiketa bat irekitzea eskatu zuen, eraisteko aginduak Bilboko Hiri Ordenamenduaren Plan Orokorra urratzen zuelakoan.

Bizilagunek 15 eguneko epea dute errekurtsoa jartzeko. Jose Angel Esnaola haien interesak babesten dituen abokatuak adierazi duenez, "ebazpena Kukutza gaztetxea eraitsi ondoren iritsiko litzateke, hemendik bi edo hiru urtera".

Mantendu egin behar da

Industri Ondare eta Herri Laneko Euskal Elkartearen arabera, berriz, Kukutza gaztetxearen eraikina udal-plangintzak babestea aurrikusten dituen eraikinen artean jasota dago.

Horrez gain, deitoratu egin du "gaur gaurkoz, bi aldeen arteko konponbiderik" aurkitu ez izana eta eraispena bertan behera geratzea eskatu du, eraikinerako bestelako proiektu bat egin arte.

Azkuna: "Epaileak jabetza pribatuaren aldeko txostena babestu du"

Iñaki Azkuna Bilboko alkateak esan duenez, epaileak Errekaldeko (Bilbo) Kukutza gaztetxea eraisteko baimena ematearekin "jabetza pribatuaren interesen alde" egin eta "Udalaren txostena babestu" du.

Alkatearen arabera, "gai honetan legez kanpoko jabetzari dagokion arazo bat dago eta Udalak jabetza pribatua babestu behar du, bihar gure etxean sartzen badira, dirudienez, erabat normala" izango delako.

Gaztetxea jendez hustea

Ertzaintza Kukutza Gaztetxean sartu zen asteazkenean jendez husteko, eraikina botatzeko agindua jarraituz. Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren agenteak 05:30ak aldera joan ziren Errekalde auzora eta bizilagunen eta Kukutzaren aldekoen erresistetziaren aurrean, kargatu eta gomazko bolak jaurti zituzten. Gaztetxearen bozeramaileen hitzetan hamaika zauritu izan ziren ekintza polizialaren ondorioz. Gainera, gaztetxea erabat hustuta zegoenean, Bilboko Auzitegiak bertan behera utzi zuen eraikina botatzeko agindua.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea