Gizartea -
Errekaldeko Gaztetxea
Kukutzaren aldekoek eserialdia egin dute Bilboko Udaletxe barruan
Gazteek Kukutzaren aldeko eserialdia egin dute, Udaletxe barnean. Horrez gain, gaztetxean igaro dute gaua eta, goizean, agerraldia egin dute.
Erredakzioa
Hainbat gazte Bilboko Udaletxera sartu dira gaur eguerdian, Kukutza Gaztetxearen egoera salatzeko eta Udaleko agintariekin solasaldia izateko helburuarekin.
Gazteek Kukutzaren aldeko eserialdia egin dute, Udaletxe barnean. Horrez gain, gaztetxean igaro dute gaua eta, goizean, agerraldia egin dute.
Kukutzaren aldekoek 13:00ak aldera sartu dira udaletxean, 20 minutuko eserialdia egin dute eta ostean eraikinetik irten dira.
Ez da istilurik jazo gazteak udaletxetik irtetean, eta kalean zeudela 20 minutuko beste elkarretaratze bat egin dute, adierazi dute udal iturriek.
Arratsaldean ekimen ugari egingo dituzte, tartean Zea Mays taldearen kontzertua, arratsaldeko 19:30etan, Kukutzan.
Adierazi dutenez, gaztetxea "huste arrisku larrian dago". "Zer egingo dute? Abisatu gabe agertu eta hemen dagoen jendea, haurrak, adinduak, haurdun dauden emakume eta auzokideak bertatik bortizki bota?", gaineratu dute.
Eskaerak
Horregatik, Bilboko 10. instrukzio Epaitegiari Kukutzaren aurkako "huste agindua bertan behera uzteko" eskaera egin diote.
Bilboko Udalari "gezurrak esateari uzteko" exijitu diote. "Bizkaiko Aldundiaren arabera eraikin honek ez ditu 6 milioi balio, Azkunak zioen bezala, baizik eta 2 milioi".
Eusko Jaurlaritzari, "bere esku dauden neurri politikoak" aplikatzeko eskatu diote, "gaztetxearen auzia sarraski batean" ez bilakatzeko.