Gizartea -
Osasun Saila
Urtero 150 heriotza saihestuko ditu tabakoaren aurkako legeak EAEn
Euskal herritarrak araudia nola betetzen ari diren goraipatu du Osasun Sailak.
Erredakzioa
Tabakoaren aurkako legearen aplikazioak urtero 150 heriotza saihestuko ditu Euskadin, Osasun Sailak galdetutako adituen kalkuluen arabera. Euskal herritarrak araudia nola betetzen ari diren goraipatu du Osasun Sailak.
Jesus Maria Fernandez Osasun sailburuordeak jakitera eman du datua Eusko Legebiltzarrean egindako agerraldian. Julian Perez Gil Osakidetzako zuzendari nagusiak eta Rafael Bengoa Osasun sailburuak legealdiaren lehen bi urteetako balantzea egin dute Legebiltzarrean.
Sailak bi urte horietan egindako lana birpasatu du Bengoak. Kudeaketa "aurrekaririk gabeko" krisi ekonomiko batek markatu duela azaldu du sailburuak, gastua murriztera behartu baitu eta "baliabide gutxiagorekin gehiago" egin behar izan dute.
Bengoak gogorarazi duenez, 2010ean Osakidetzaren gastuak % 1,06 egin zuen gora. Aurreko urteetan, ostera, batez beste % 9,9 egin zuen gora.
Itxaronzerrendek hobera egin dute onkologian eta kardiologian, izan ere, 30 egunak ez dituzte gainditzen. Zerrenda kirurgikoak murriztu dira eta baita kanpo-kontsultak ere.