Gizartea -
CABACAS AUZIA
Gomazko pilotakadak lesio konponezinak eragin zizkion Cabacasi, forentseen arabera
Cabacas auzian astearte honetan deklaratu duten peritu forentseen arabera, biktimak buruan zuen zauria gomazko pilotakada batek eragin ditzakeen zaurien modukoa zen.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Cabacasen auziaren epaiketan gaur, asteartea, peritu forentseen txanda izan da Bizkaiko Probintzia Auzitegian. Horien arabera, gomazko pilotakadak zauri konponezinak eragin zizkion Athletic taldeko zaleari, eta anbulantziak izandako atzerapenak ez zuela haren heriotzan eraginik izan esan dute.
Cabacasen gorpuzkiari autopsia egin zioten forentseen esanetan, gazteak buruan zuen lesioa poliziak istiluei aurre egiteko erabiltzen dituzten gomazko pilota batek eragin dezakeen lesioaren modukoa zen.
Ildo horretan, biktimak burezurreko azalean kolpe ia-ia perpendikularra jaso zuela azaldu dute, eta Basurtuko Ospitalera heldu zenean zauri oso larriak zituela gaineratu dute; gainera, burezurreko hausturak eta zauriak lesio konponezinak eragin zizkiotela esan dute.
Horrela, anbulantzia Cabacas zegoen tokira lehenago heldu izan balitz ere, ez zela askorik aldatuko esan dute, lesioak konponezinak zirelako. Gaztea burezurreko traumatismo baten ondorioz hil zen 2012ko apirilaren 5ean.
Ertzaintzak jaurtitako gomazko pilota batek buruan jo zuen Iñigo Cabacas, Athleticen eta Schalke 04 talde alemaniarraren arteko futbol partidaren ostean, San Mames inguruan zuri-gorrien garaipena ospatzen ari zela. Kalean izandako istiluen ondorioz Ertzaintzak egindako kargetan jaurtitako gomazko pilota batek bete-betean eman zion buruan, eta lau egun geroago hil zen, Basurtuko Ospitalean bertan.