Gizartea -
12 urte eta erdi
Gorenak berretsi egin du Nagore Laffageren hiltzailearen zigorra
Epaileak errefusatu egin du neskatoaren sendiak aurkeztutako helegitea. Hain zuzen ere, Jose Diego Yllanesi hilketa egoztea eskatu zuten, homizidioa izan beharrean.
Erredakzioa
Auzitegi Gorenak baieztatu egin du Jose Diego Yllanes psikiatraren kontrako 12 urte eta erdiko kartzela-zigorra Nagore Laffage irundarraren homizidioa leporatuta.
Gaur zabaldutako epaiaren arabera, Zigor Aretoak atzera bota ditu Nafarroako Auzitegi Gorenaren kontra auziperatuak, akusazio partikularrak eta herri-ekimenek (Gipuzkoako Batzar Nagusiak eta Iruñeko eta Irungo udalak) aurkeztutako helegiteak.
Gorenak Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren ebazpena berretsi du horrela. 12 urteko kartzela-zigorra ezari zioten Yllanesin eta bi aringarri onartu, kaltea konpontzea (Laffage familiari 126.853 euro eman zizkien) eta mozkortuta egotea. Hala ere, ez zituen onartu zoroaldia eta delitua aitortzea, defentsa abokatuak eskatu bazuen ere.
Parte hartu duten akusazio guztiek eskatu arren, Gorenak atzera bota du psikiatrari hilketa leporatzea, baina epaitegiko epaile batek boto partikularra eman du hilketa ebaztearen alde agertuz.
Horren harira, Gorenak atzera bota du azpikeria, zeren gertakariak epaitu zituen herri-epaimahiarentzat, eta gero Nafarroako Auzitegiak "azterketa zehatza" egin zuen, "zaila" zen hori frogatzea. "Frogak baloratzerakoan arrazionaltasuna ez zenez salatu, frogatutzat jo ziren gertakarietara muga daiteke Auzitegi Goreneko Bigarren Aretoa", gaineratu dute ebazpenean.
Aringarriak eta astungarriak
Bestalde, Gorenak uste du nagusitasun egoeraz abusatzeagatiko astungarria modu onean aplikatu zela, izan ere, "indar desoreka", "biktimaren babesgabetasuna" eta erasotzaileak arte martzialak ezagutzea aprobetxatu zuen.
Era berean, mozkortuta egoteagatik zigorra arintzeko "jurisprudentzia asko" dagoela azpimarratu du.
Hala ere, Gorenak atzera bota du zoroaldiagatik zigorra arintzea, Yllanesen abokatuak eskatu arren. Laffagek karrera suntsitu eta salatu egingo zuela mehatxu egin bazion ere, hori ez omen da nahikoa auziperatuak biktima hiltzeko. "Akusatuaren erantzuna gehiegizkoa izan zen", gaineratu dute ebazpenean.
Auzitegi Gorenak errefusatu egin du biktimaren sendiak eskatu zuen urruntze agindua. Ebazpenean agertzen denez, Yllanesen jarrerak ez du erakusten inola ere Nagoreren gurasoen kontra "delituak egiteko asmorik" duenik, beraz, ez du egoki ikusten biktimaren etxebizitzara edo lantokira gerturatzeko debekua.