Gizartea -
Astronomia
100 metroko asteroide bat Lurretik oso gertu igaroko da asteazken honetan
Zortzi urte desagertuta egon ostean, ‘2010 WC9’ asteroidea itzuli egin da. Lurrera hurbilduko da maiatzaren 16an, eta 00:05ean izango da gure planetatik gertuen.
agentziak | erredakzioa
‘2010 WC9’ asteroidea 2010ean aurkitu zuten, baina handik gutxira galdu zuten astronomoek horren arrastoa. Zortzi urte geroago, berriro aurkitu dute, eta maiatzaren 16an, asteazken honetan, Lurretik oso gertu igaroko da; Lurraren eta Ilargiaren artean dagoen distantziaren erdira, hain zuzen.
Zientzialarien esanetan, 60-130 metro ditu, eta Earth Sky hedabidearen arabera, ez da inoiz tamaina horretako asteroiderik horrenbeste hurbildu gurera.
Aurretik esan bezala, EAEn 00:05 direnean egongo da Lurretik gertuen. Ordu horretan, gure planetatik 203.453 kilometrora egongo da. Astronomoen esanetan, ‘2010 WC9’ asteroidea ez da begi bistan egongo, baina horren distira handiaren ondorioz, zaleek teleskopio arrunten bidez ikusi ahalko dute, noiz eta nora begiratu behar duten jakinez gero.
Desagertzea
Catalina Sky Survey ikerketa programak 2010eko azaroaren 30ean detektatu zuen lehen aldiz asteroide hau, Arizonan (AEB), eta astronomoek abenduaren 10era arte jarraitu ahal izan zuten, horren arrastoa oso ahula baita. Ia zortzi urte geroago, 2018ko maiatzaren 8an, astronomoek haren ezaugarri berdinak zituen asteroide bat aurkitu zuten eta ‘ZJ99C60’ behin-behineko izena jarri zioten. Handik gutxira konturatu ziren 2010eko abenduan desagertutako arroka espaziala zela eta Lurrera itzultzen ari zela.