Gizartea -
Istiluak San Mamesen
Olympiqueko jarraitzaileek bi segurtasun zaindari zauritu dituzte San Mamesen
Bi zaintzaileak ospitalera eraman behar izan dituzte, horietako bat lepoan zaurituta. Ertzaintzak Olympiqueko hiru jarraitzaile eta Athleticeko bat atxilotu ditu.
AGENTZIAK
Segurtasun zaindari bi zauritu dituzte bart San Mamesen, eta Ertzaintzak Marseillako Olympiqueko hiru jarraitzaile atxilotu ditu estadio barruan izandako istiluetan.
Lehendabiziko erasoa, sarreran gertatu zen, 19:15 inguruan, Athleticen eta Marseillako Olympiqueren arteko partida jokoan zegoenean.
Antza, zaindariak Olympiqueko jarraitzaile batzuei kargu hartu zien, eta horregatik egin zioten eraso. Lepoan zauritu zuten.
Basurtuko ospitalera eraman zuten, eta bertan artatu zuten. Burgosko 57 urteko gizonezkoa egonkor dagoela baina proba gehiago egingo dizkiotela jakinarazi dute.
Minutu batzuk geroago, Barakaldoko zaindari bati egin zioten eraso. Eskuan ebaki arina egin ziotela esan zuten Basurtuko erietxetik. Dagoeneko jaso du alta medikoa.
Ondoren, harmailetan istiluak izan ziren eta Ertzaintzak Olympiqueko hiru jarraitzaile atxilotu zituen. Ertzaintzako iturriek jakinarazi zutenez, hiru atxilotuek erasoekin zerikusia dute, baina ez dute bestelako xehetasunik eman. Horiez gain, Athleticeko jarraitzaile bat ere atxilotu zuten, desordena publikoa eragitea leporatuta, Poza kalean edukiontzi bat gurutzatu ostean.
Bi taldeak zelaian zeudela eta Europa Ligako partida hastear zela, Olympiqueko ultrek hainbat bengala piztu zituzten. Horietako bat Athletic taldeko zaleak zeuden harmaila batera erori zen.
Norgehiagoka hasita zegoela, Ertzaintzak Olympiqueko jarraitzaileen kontra egin zuen.
Josu Bujanda Ertzaintzako Herritarren Babeserako Ataleko buruak Radio Euskadin azaldu zuenez, lepoko zauria gerriko baten belarriarekin egin omen zioten zaindariari. Beste zaindariari eskuan kolpea eman zioten gerriko berarekin, antza, aurreneko hipotesien arabera.
Bestalde, partida amaitu ondoren, edukiontziak bota zituzten Poza kalean, eta zale zuri-gorri bat atxilotu zuten desordena publikoak egotzita, Bujandaren esanetan.
CCOO: "Izugarrizko istiluak izan dira San Mames barruan"
CCOO sindikatuak salatu zuenez, zaindarien eta Frantziako jarraitzaileen artean ?izugarrizko istiluak? gertatu ziren San Mameseko pasilloetan. Zaurituetako bat sindikatu horretako kidea da.
CCOOk gaitzetsi egin zituen segurtasun pribatuko bi zaindariek jasandako erasoak.
Sindikatua bi zaindariekin harremanetan jarri zen, horien osasun egoeraren berri izateko. ?Ondo? daudela esan zioten biek.
?Gertakari deitoragarriak irmo gaitzetsi? zituen CCOOk, eta edozein neurri hartzeko eta erasoen aurka protesta egiteko borondatea agertuko dio enpresa-batzordeari. Erasoak gaitzesteko elkarretaratze bat deitzea eskatu zuen sindikatuak.
Ertzaintzak babestuta, San Mamesera heldu arte
Olympiqueko jarraitzaileak 18:00ak inguruan iritsi ziren San Mamesera, Ertzaintzak babestuta. Tentsio uneak izan ziren, baina aparteko istilurik eragin gabe sartu ziren estadioan.
Ordurako San Mames futbol zelaiko zabalgunea hesituta zegoen; izan ere, partida arrisku handikotzat jo zuten.
Horrez gain, Ertzaintzak kontrolak egin zituen EAEko errepideetan, segurtasun neurri handiak ezarrita. Kontrol horietan, labanak, borra hedagarriak eta golf pilotak antzeman zizkieten Olympiqueko jarraitzaileei.
Otsailaren 23an, Athleticen eta Moskuko Spartaken arteko partidaren atarian ere, istiluak izan ziren, eta ertzain bat hil zen San Mames ondoan izandako liskarretan bihotzekoak emanda.
BIDEOA: Tentsioa Olympiqueko jarraitzaileak San Mamesera heltzean