Gizartea -
Ostegunean
Bilboko eskola bateko klaseak bertan behera, Olympiqueren aurkako partidagatik
Pureza de Maria ikastetxeko zuzendaritzak gurasoei igorritako ohar baten bidez jakinarazi du ostegun arratsaldeko klaseak bertan behera uztea erabaki duela, partida "arrisku handikoa" delako.
agentziak | erredakzioa
Bilboko Pureza de Maria ikastetxeak (Sabino Arana etorbidea, 7) gurasoei jakinarazi dienez, ostegunean, martxoak 15, bertan behera utziko dituzte klaseak arratsaldean, San Mamesen Athleticen eta Marseillako Olympiqueren artean egitekoa den partidagatik, "arrisku handikoa" izango baita, agintarien esanetan.
Oharrean, zentroko zuzendaritzak gogorarazi du norgehiagoka 19:00etan hasiko dela, eta, hortaz, "Hezkuntza Saileko baimenarekin", arratsaldean klaserik ez izatea erabaki du. Horrenbestez, 15:00etatik aurrera itxita egongo da.
Ordu horiek ekainaren 11n berreskuratuko dituztela azaldu du zuzendaritzak, barkamena eskatu du horrek eragin zitzakeen eragozpenengatik, eta eskerrak eman dizkie gurasoei erabaki horren aurrean erakutsi duten babesagatik; izan ere, "inportanteena adingabeen zein irakasleen segurtasuna da".
Athleticen eta Moskuko Spartaken arteko partida jokatu zen egunean, otsailaren 22an, hainbat ikastetxek erabaki zuten klaseak bertan behera uztea. Egun hartan, liskar handiak izan ziren, eta ertzain bat zendu zen, istiluei aurre egiteko operatiboan parte hartzen ari zela.
Marseillako ultrek istiluak eragin zituzten Bilboko erdigunean, 2016ko otsailaren 25ean