Gizartea -
Ordu-aldaketa
Udako ordutegia: martxoaren azken igandean aurreratu itzazu erlojuak
Martxoaren 25ean, ordulariak ordubete aurreratu beharko ditugu: 02:00etan 03:00ak izan dira.
EITB.EUS
Martxoaren 25ean, udako ordutegia jarriko da indarrean, eta, ondorioz, erlojuak ordubete aurreratu beharko dira: 02:00etan 03:00ak izango dira. Energia aurrezteko eta eguzkiaren argiari probetxu handiagoa ateratzeko egingo dugu aldaketa.
2001ean erabaki zuten ordua aldatzea martxoko eta urriko azken igandeetan, baina aurretik zabaldu zen, 1974an, petrolioaren lehen krisiarekin batera. Orduan, herrialde batzuek eguzki-argia gehiago aprobetxatzea eta argindar gutxiago kontsumitzea erabaki zuten.
Aldekoak eta kontrakoak
Ordu-aldaketarekin, Espainiako Estatuko etxebizitzetako argiztapenean 300 milioi euro inguru aurreztuko dira (batez beste, 6 euro, etxebizitza bakoitzeko, eta 210, eraikin eta enpresa bakoitzeko), Energia Dibertsifikatu eta Aurrezteko Institutuaren (IDAE) arabera.
Ordu-aldaketaren kontra dagoenik ere bada. Horien arabera, ordu-aldaketak eragin txarra dauka gizakien eta animalien osasunean, batez ere melatoninari lotuta, proteina horrek antolatzen baitu lo egiteko ohitura.
Eraginak osasunean
Aldaketak eragina du gizakion gorputzean; arinak, baina osasunari lotutakoak. Adituen arabera, ondorioak behin-behinekoak dira pertsona osasuntsuen kasuan. Gorputza hiruzpalau egunetan ohitzen da udako ordutegira. Hala ere, estatistika batzuek diotenez, istripuen tasak gora egiten du apur bat ordu-aldaketaren ondorengo egunetan.
Adituek zenbait gomendio ematen dituzte aldaketari ahalik eta ondoen aurre egiteko; siesta egiteko denbora murriztu eta aldaketa egin aurreko egunetan 15 minutu lehenago jaikitzea, besteak beste.