Gizartea -
ISTILUAK BILBON
'Prentsaren eta Athleticeko erradikalen probokazioa' salatu du Spartakek
'Hasieratik genekien ez ginelako ongi hartuak izango', esan du talde errusiarreko arduradun batek. Joaneko partida Moskun jokatu zenean ez zela istilurik izan azpimarratu du.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOK
Bilbon joan den ostegunean izandako istiluak "prentsaren eta Athleticeko erradikalen probokazioaren ondorio" izan zirela ziurtatu du Nail Izmailov Moskuko Spartak futbol taldeko presidentordeak. Istiluon erdian Inocencio Alonso Garcia ertzain ermuarra hil zen, bihotzekoak jota.
"Hasieratik genekien ez ginela ongi hartuak izango", nabarmendu du. Batetik, Spartekeko zaleen inguruan prentsak publikatutakoak aipatu ditu, eta, bestetik, talde zuri-gorriko zaleen martxak eta ezarritako segurtasun neurri zorrotzak. Hori guztia "probokazioa" izan zela esan du Izmailovek, Errusiako hedabide bati eskainitako elkarrizketan.
Spartakeko zaleek "euren burua defendatu" baino ez zutela egin zehaztu du. "Eraso egiten dizutenean, behartuta zaude zeure burua defendatzera", esan du.
Horren harira, talde errusiarraren presidenteordeak gogoratu du Moskun Athletic eta Spartak taldeen arteko joaneko partida izan zenean ez zela istilurik izan.
Osteguneko istiluetan atxilotutako 9 pertsonak karguekin aske utzi zituen atzo epaileak.