Gizartea -
Bilera Gasteizen
Datozen hilabeteetarako greba deialdiak mantendu dituzte Hezkuntzako sindikatuek
Steilas, LAB eta ELA sindikatuek murrizketak zuzentzeko neurririk eta aurrerapausorik ez dute ikusten. Eusko Jaurlaritzak, ostera, negoziaziorako egutegi berriaren garrantzia azpimarratu du.
Agentziak | Erredakzioa
Hezkuntza publikoan datozen hilabeteetarako deitutako grebak mantentzen dituzte Steilas, LAB eta ELA sindikatuek, negoziazioan aurrerapausorik eta murrizketak zuzentzeko neurririk ikusten ez dutelako. Eusko Jaurlaritzako ordezkariekin gaur bildu dira Hezkuntza Sektorearen Mahaian.
Bilerak bi ordu baino gehiagoko iraupena izan du Gasteizen, Lehendakaritzako egoitzan. Aurreko hitzorduan, abenduan, Cristina Uriarteren Sailak egindako proposamenen azterketa sindikatuen eskutik ezagutzea espero zuen Jaurlaritzak.
Gaurko bilera oso modu ezberdinean baloratu dute sindikatuek eta Olatz Garamendi Hezkuntza Saileko Administrazio eta Zerbitzuetarako sailburuordeak. Garamendik agerraldia egin du batzarra amaitu ondoren.
Bilera positiboa izan dela uste du Garamendik, “guztien artean hitz egin dutelako”. Gainera, negoziaziorako egutegi bat mahai gainean jarri dutela nabarmendu du. “Gaia negoziazio mahaietan kokatu eta hezkuntza zentroak babestu nahi ditugu”, gogorarazi du.
Kontrako ikuspegiak
Jaurlaritza eta sindikatuak bileratik kontrako ikuspegiekin atera direla onartu du sailburuordeak, baina negoziazioa hautsi ez dela azpimarratu du. Zentzu horretan, mahai desberdinetan “etenik gabe lanean” jarraituko dutela nabarmendu du Garamendik.
“Mahaiei garrantzia ematea eta ikastetxeek lasaitasunarekin zereginekin jarraitzea berebizikoa da. Hezkuntzak hori merezi duen ondasun bat da. Babestu behar dugu”, esan du sailburuordeak.
Sindikatu deitzaileen ikuspegia, aldiz, oso bestelakoa da. Aitor Idigoras Steilaseko bozeramailearen hitzetan, Sailak krisian zehar aplikatutako “murrizketak zuzentzeko” planteamendu berririk ez du mahai gainean jarri.
“Ez da ezer berririk egon. Hezkuntza Sailak ez ditu aurreko proposamenak ezta apur bat ere aldatu. Ez da hurbilketarik izan”, deitoratu du.
Saila “arduragabekeria politiko larria” egiten ari dela salatu dute hiru sindikatuek agiri bateratu batean. Otsailaren 14ko bileran, Jaurlaritzak “proposamen sakon berriak” egin ezean, iragarritako mobilizazioak mantenduko dituztela argi utzi dute.
Konkretuki, martxoaren 14an eta 15ean greba egingo dute, astebete apirilean eta beste lanuzte bat ekainaren 12an.