Gizartea -
Atentatuak Katalunian
ISISek Familia Santuko basilikaren irudi bat argitaratu du bere aldizkarian
Estatu Islamikoak Katalunian 'juduak' eta 'gurutzatuak' hil dituela dio Al Naba aldizkarian.
Agentziak | Erredakzioa
Estatu Islamikoak Al Naba bere aldizkarian jakitera eman duenez, Bartzelona eta Cambrilsen aurreko astean gauzatutako atentatuetan 'juduak' eta 'gurutzatuak' hil zituen; horren guztiaren berri emateko, ISISek Familia Santuko basilikaren irudi bat erabiltzen du, gorriz tindatua.
Diseinu odoltsuko infografia baten bidez, Estatu Islamikoak zehaztu du Katalunian egindako triskantza; guztira, dioenez, 120 lagun hil edo zauritu ditu.
Gainera, Al Naban argitaratutako informazioan (Europa Pressek jaso du), ISISek nabarmentzen du 'izua eta ikara' zabaldu dituela Europa osoan atentatuen ostean; Estatu Islamikoak dio euren eraginez duela Espainiak ezarrita 4an alerta-maila terrorista.
Hala ere, aldizkariak ez du aipamenik egiten hildako sei terroristaren gainean, ezta Alcanarreko leherketen gainean ere.