Gizartea -

Atentatuak Katalunian

Katalunian atxilotuetako lautik bi kartzelara bidali ditu epaileak

Erasoen arduraduna imama izan zela esan dute; horietako batek aitortu du atentatu handi bat egiteko asmoa zutela.

Atxilotuak. Argazkia: EFE.
Atxilotuak. Argazkia: EFE.
Atxilotuak. Argazkia: EFE.

Agentziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Fernando Andreu Auzitegi Nazionaleko epaileak bakartutako eta fidantzarik gabeko kartzela agindu du Mohamed Houli eta Driss Oukabirrentzat, alegia, Bartzelona eta Cambrilseko atentatuengatik atxilotutako lautik birentzat. Leporatzen dizkie erakunde terrorista bateko kideak izatea, hilketa eta izaera terroristako lesioak; Houliren kasuan, lehergailuak gordailutzea eta triskantza ere egozten dizkio.

Salh el Karib Ripolleko mintzategiko gerenteari dagokionez, Andreu epaileak agindu du epai-bulegoetan jarrai dezan, gehienez 72 orduz; asmoa da bere negozioan egin beharreko ikerketa gauzatu ahal izatea.

Azkenik, Mohamed Aallaa, Cambrilsen atentatua egin zuen autoaren jabea bera, aske geratu da; hala ere, astelehenero agertu beharko du epaitegian. Andreuren iritziz, Kataluniako atentatuak gauzatu zituen zelularekin ustezko kolaborazioa ondorioztatzeko zantzuak ez dira behar bezain sendoak.

Epaileak neurri hauek hartu ditu lau atxilotuek deklaratuta; Ana Noe fiskalak, baina, guztientzako baldintzarik eta fidantzarik gabeko kartzela zuen eskatua.

Lau aizto eta aizkora bat erosi zituzten ostegun gauean

Zelula jihadistako terroristek lau aizto eta aizkora bat erosi zituzten ostegun gauean, 21:30ak aldera, Cambrilseko denda batean; herri horretan erabili nahi izan zituzten jendeari erasotzeko, baina Mossos d’Esquadrako agenteek hil egin zituzten lehenago.

Asteartean deklaratu dute

Iturri fiskalek jakitera eman dutenez, atxilotuak arratsaldeko seiak aldera bukatu dira deklaratzen; Bartzelonatik  eraman dituzte Auzitegi Nazionalera, eta egun osoan izan dira galdekatzen.

15 lagun hil dituzten atentatuak prestatu zuen zelula terroristako ustezko kideek epailearen aurrean eta Auzitegiko lau fiskalen aurrean deklaratu dute; hain zuzen, bertan izan dira Ana Noe auziaren arduraduna, Dolores Delgado jihadismoaren koordinatzailea, Jesus Alonso fiskal burua, eta Miguel Angel Carballo teniente fiskala.

Mohamed Houli Chemlalek deklaratu du lehenengo; 21 urte ditu, eta Tarragonako Alcanar herrian izandako leherketan zauritu zen.

Driss Oukabir ere agertu da epailearen aurrean; Marseillan (Frantzia) jaio zen, eta bere izenean alokatu zen terroristek erabilitako furgoneta bat.

Beste bi atxilotuak Mohamed Aallaa eta Salah El Karib dira; lehena, 27 urtekoa bera, Cambrilsen hil zen Sadi Aallaaren anaia da; bigarrenak 34 urte ditu eta mintzategi bat du. Poliziak Driss Oukabirrekin erlazionatzen du Salah El Karib.

Guztiek esan dute Ripolleko imama izan zela arduraduna

Laurek esan dute Abdelbaki Es Satty imama izan zela Bartzelona eta Cambrilseko erasoen arduraduna; imama Alcanarreko txaletean hil zen. Galdeketan zehaztu dutenez, imamak esana zuen lehergailuekin immolatu nahi zuela bere burua, iturri juridikoek jakitera eman dutenez.

Guztiek deklaratu dute epailearen aurrean, eta atentatuak gauzatu zituen zelulako kideak izatea leporatu diete. Gutxienez hamabi terroristak osatu zuten talde hori; horietako bost Cambrilsen hil zuten, gutxienez bi Alcanarreko leherketan hil ziren, eta azkena, Younes Abouyaaqoub, atzo hil zuten Mossos d’Esquadrako kideek. Azken hori izan zen Bartzelona atentatua gauzatu zuen furgonetako gidaria.

Ildo horretan, eta Andreu epailearen autoaren arabera, Alcanarreko txaletean liburu berde bat topatu zuten, eta bertan Ripolleko izena agertzen zen. Barruan, arabieraz eta eskuz idatzitako ohar bat aurkitu zuten, eta honela zioen: 'Alaren izenean, Errukitsua, Errukiorra. Estatu Islamikoaren soldaduentzako gutun laburra, gurutzatu, bekatari, bidegabe, ustelgarrientzat Andalus lurrean'.

Chemlalek baieztatu du zelulak atentatu handiagoak egin nahi zituela

Mohamed Houli Chemlal Alcanarreko (Tarragona) etxean izandako leherketan zauritu zen gizonezkoak galdera saioan itaundu dioten guztiari erantzun diola gaineratu dute iturri fiskalek. Hain zuzen ere, Efe albiste agentziak emandako informazioaren arabera, Mossos d’Esquadrako agenteen aurrean egindako deklarazioa (bertan esandakoek berebiziko garrantzia eduki zuen ustezko terroristen taldea atzemateko) berretsi du ustezko terroristak, eta baieztatu du taldeak atentatu handiagoa egiteko asmoa zuela. Hala, Mossos d’Esquadrako agenteek hauxe aurkitu zuten Alcanarreko etxean: iltze asko, metraila bezala erabiltzeko, butano-bonbona asko, acetona, ur oxigenatua, bikarbonatoa, eta leherketa hasteko pultsadoreak.

Iturri juridikoek Eferi azaldu diotenez, Chemlalek ez ditu lagun gehiago tartean sartu, zelulari buruz galdetu diotenean. Hain zuzen ere, hamabi lagunek osatua zen aipatutako zelula; lau atxilotuta daude, eta beste zortziak hil dira. Galdeketan, atxilotuak azaldu du taldea lehergailuak egiten saiatzen ari zela, Alcanarreko etxean, xede izanik Bartzelonako monumentuetan erasotzea.

Susmagarriak esan duenez, berak asmoa zuen atentatuak gauez egitea, ahalik eta kalte pertsonal gutxien eragiteko asmoarekin. Hala diote iturri juridikoek.

Driss Oukabirrek dio bi furgoneta alokatu zituela, baina etxe-aldaketa baterako

Driss Oukabir izan da deklaratu duen bigarrena, eta esan du ez zekiela ezer Katalunian atentatua egin nahi zuen zelulari buruz; azaldu duenez, bi furgoneta alokatu zituen etxe-aldaketa bat gauzatzeko hala eskatu ziotelako.

Berretsi duenez, hasiera batean Poliziari esan zion Moussa anaia txikiak dokumentazioa lapur ziezaiokeela, beldur zelako; hala ere, gerora egia esan zuen.

Abdelbaki Es Satty Ripolleko imamak zuen garrantziaz galdetu ziotenean (Alcanarren hil zen hori ere, bertako leherketan), esan du ez zekiela herriko gazteak doktrinatzen ari zela; onartu duenez, bai zuen ikusia herriko gero eta gazte gehiagorekin zuela erlazioa.

BARTZELONAKO ATENTATUAK EFE ATXILOTUAK

Lau atxilotuak, Auzitegi Nazionalera joan aurretik. Argazkia: EFE.

Cambrilsetik 14 kilometrora dagoen masia bat erabiltzen zuten

Autoan, epaileak jakitera eman du zelulako kideek Riudecanyes herrian abandonatutako masia bat erabiltzen zutela, Cambrilseko 14 kilometrora; bertan, bi terroristaren nortasun-aguriak agertu dira, eta arma zurien eta lehergailuak egiteko materialaren erosketa-frogagiriak.

Salah El Karibek onartu du hegazkin-txartelak erosi izatea Driss Oukabir eta imamarentzat, komisio baten truke

Salah El Karibek onartu du erosi zituela, Interneten bidez, Driss Oukabir eta imamarentzako hegazkin-txartelak, Marokora joan zitezen, baina, esan duenez, bere negozioko hainbat bezerorentzat egiten zuen hori; izan ere, askok ez omen zuten kreditu-txartelik.

Mohamed Aallaa 'aseguru-kontu batengatik' zen Cambrilseko Audiaren titularra

Cambrilsen, terroristek Audi bat erabili zuten, eta Mohamed Aallaaren izenean zegoen; auto hori Parisera bidaiatzeko ere erabili zen, lehenago. Aallaak esan du autoa anaiarena zela, berak beste bat baitu, baina aseguru-kontu batengatik dela bera titularra.

Goizean heldu dira Auzitegi Nazionalera

Hamabost hildako utzi dituzten erasoen ondoren atxilotutakoak gaur goizeko lehen orduetan iritsi dira Auzitegira, Guardia Zibilaren hainbat furgoitan, atzoko gaua polizia talde horrek Tres Cantosen (Madril) duen egoitzan pasatu eta gero.

Auzitegi Nazionalera iritsitakoan, ziegetara eraman dituzte, eta lau orduz egon dira bertan, Andreu magistratuak Ana Noe auziaren ardura duen fiskalarekin batera galdeketa abiatzeko zain. Horiez gain, Jesus Alonso Auzitegi Nazionaleko fiskalburua eta Miguel Angel Carballo haren ondokoa, teniente fiskala, ere egongo dira galdeketa saioan.

Driss Oukabir, Mohammed Alla, Salh el Karib eta Mohamed Houli Chemal soilik daude bizirik, desegindako zelulako ustezko kideen artean, gainerako zortziak Mossos d’Esquadrako kideek hil baitzituzten edo ostegun goizaldean hil baitziren Alcanarren, atentatu handiago bat egiteko asmoz butano botilak prestatzen ari zirenean izandako leherketan, Kataluniako Poliziak baieztatu duenez.

Driss Oukabir Poliziak Cambrilsen hildako bost ustezko terroristetako baten, Moussa Oukabirren, anaia da, eta Ramblako atentatuaren ostean atxilotu zuten Ripollen (Girona) Mossoen polizia etxera zihoala. Antza, anaiaren aurkako salaketa jartzeko asmoz zegoen bertarako bidean, dokumentazioa lapurtu ziola esan baitzuen erasoan erabilitako furgonetak alokatzeko.

Gainerako atxilotuak Mohammed Alla eta Salh el Karib Ripollen atzemandakoak eta Mohamed Houli Chemal ostegunean Alcanarreko etxean izandako leherketan atxilotutakoa dira.

Atxilotu bat, Marokon

Marokoko segurtasun-indarrek Hicham Ennadih atxilotu dute herrialde horretan; butano-banatzaile lan egin izan du, eta Youness Abouyaagoub bizi edo aldi baterako egon zeneko etxean bertan bizi izan zen. Youness Abouyaagoub atzo hil zuten Mossos d’Esquadrako agenteek eta Bartzelonako atentatuaren ustezko egilea da. Atxiloketa gaur egin dute, eta, guztira, hiru lagun atxilotu dituzte Marokon, azken egunotan, Bartzelona eta Cambrilseko atentatuengatik.

Lehena, aurreko ostiralean, Nadorren atxilotu zuten; Kataluniako atentatuei buruzko apologia sare sozialetan leporatu zioten.

Larunbatean, hilaren 19an, beste gizon bat atxilotu zuten Oujdan; lehen ikerketan arabera, Moussa Oukabirrekin zuen harremana. Moussa Oukabir zelula jihadistako ustezko kidea zen, eta Cambrilsen hil zen, ostiral goizaldean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Nazionala Katalunia Bartzelona albisteak Atentatuak albisteak Epaiketak argazkiak Gizartea Albisteak