Gizartea -

Kataluniako atentatuak

Familia bereko bi kide, atentatuen biktimen artean

Hamalau hildakoen artean hainbat nazionalitatetako herritarrak daude.

Bartzelonako atentatuan erabilitako furgoneta. Argazkia: Efe.
Kataluniako atentatuetan 14 hildakoetako 9 identifikatu dituzte

1:30

Agentziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bartzelona eta Cambrilseko atentatuek 14 hildako utzi dituzte orain arte, eta haien nortasunak argitzen joan dira ostiral honetan. Cambrilseko atentatuan hil zen Zaragozako Ana Maria Suarez bat izan ezin, gainerakoak Rambletan hil ziren furgonetak harrapatuta:

Hiru urteko haur bat eta haren 60 urteko osaba zaharra, Francisco Lopez Rodriguez, atzo eta gaur Katalunian, Bartzelonan eta Cambrillsen egindako erasoen biktimen artean daude. Biak Bartzelonako Rubi herrian bizi ziren, Lopez Rodriguez jaiotzez Granadakoa zen arren.

Pepita, 75 urteko emakume bat, Sant Hipolit de Voltrega herriko (Bartzelona) bizilaguna bera, hildakoetako beste bat da. Hala eman dute jakitera ostiral arratsaldean.

Hildakoen artean bi italiar (Bruno Gulotta 35 urteko Legnanoko bizilaguna eta Luca Russo 25 urtekoa), hiru alemaniar, portugaldar bat (74 urteko emakume bat), estatubatuar bat eta Belgikako emakume bat (Elke Vanbockrijck, 44 urtekoa bera) eta kanadar bat daudela baieztatu dute.

arles Mundo Justizia kontseilariak azaldu duenez, atentatuetan hildako 14 lagunen artean hainbat espainiar daude, nahiz eta zenbaki zehatza ematerik ez duen izan.

Gaur, ostiralarekin, 14 hildakoen gorpuei autopsiak egiten bukatu dute, eta DNA laginak hartu dizkiete. Gainera, egunean zehar, hortzen azterketa egingo diete, Kataluniako Gobernuak aurreratu duenez.

Bi atentatuon biktimen artean adingabeak daude, eta, herritartasunari dagokionez, guztira 34 estatutakoak daude, Kataluniako Larrialdi Zerbitzuek zehaztu dutenez: Espainiako eta Frantziako estatuetakoak,alemanak, aljeriarrak, argentinarrak, australiarrak, austriarrak, belgikarrak, marokoarrak, kanadarrak, txinatarrak, kolonbiarrak, errumaniarrak, venezuelarrak, kubatarrak, ekuadortarrak, egiptoarrak, estatubatuarrak, filipinarrak, britainiarrak, greziarrak, herbeheretarrak, taiwandarrak, hondurastarrak, hungariarrak, irlandarrak, italiarrak, kuwaitarrak, mazedoniarrak, mauritaniarrak, pakistandarrak, perutarrak, dominikarrak eta turkiarrak.

59 lagun ospitaleratuta

Ostiral gauean, atentatu terroristek eragindako 126 zaurietatik 67ri eman diete alta; hortaz, 59 lagun daude ospitaleratuta. Herena frantziarrak dira.

Zauritu horietatik 15 egoera kritikoan daude, 25 larri, 7 ez hain larri, eta 12 arin.

Psikologoak, gizarte langileak, auzitegiko medikuak eta Mossos d’Esquadrako agenteak hildakoen senideei laguntzen ari zaizkio Justiziaren Hiriko eraikin nagusiko hirugarren solairuan prestatu duten espazio batean.

Lantalde horretako kideek listu laginak hartuko dizkiete senideoi, hilotzen azterketetan jasotako informazioarekin erkatzeko.

Justizia Departamentuak itzultzaileak jarriko ditu atzerriko familien eskura.

Gobernuaren sail horrek azaldu duenez, identifikazioak zientifikoki baieztatuta egon arte itxaron beharko da atzerritar biktimen gorpuak beren herrialdeetara eramateko, eta epailearen baimena beharko da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Bartzelona argazkiak Atentatuak albisteak Estatu islamiarra berriak Jihadismoa Albisteak