Gizartea -
Tarragona
Bost terrorista hilda eta sei zibil zaurituta eraso batean, Cambrilsen
Hildako bost terroristek soinean zeramatzaten lehergaiak faltsuak ziren, mossoek baieztatu dutenez.
agentziak | erredakzioa
Esquadra Mossoek bost terrorista hil dituzte gaur, ostiralean, goizaldean Cambrilsen (Tarragona) izan den eraso terrorista batean. Sei zibil zauritu dira. Zaurituetako bat egoera kritikoan dago, Generalitateko Larrialdietako zerbitzuaren arabera. Gainera, agente batek zauri arinak izan ditu tiroketan. Mossoek baieztatu dutenez, hildako bost terroristek soinean zeramatzaten lehergaiak faltsuak ziren.
01:00 aldera, mossoek Twitterren iragarri dutenez, hasi dute operatiboa Cambrilsen eta bizilagunei etxetik ez irteteko deia egin diete. Tiroketari esker, harrapaketa are larriagoa izatea saihestu dute. Ordu batzuk lehenago, furgoneta batek 13 pertsona hil eta 100 inguru zauritu ditu Bartzelonako Ramblan; Estatu Islamikoak atentatua aldarrikatu du.
Esquadra Mossoen esanetan, terroristek zenbait pertsonari eraso egin diete Cambrilsen; horietako sei larri daude, eta bat egoera kritikoan.
Atentatuaren ostean, Mossoek terroristak atzeman dituzte Itsasoko Pasealekuan, itsas klubetik gertu.
Goizaldeko operatiboa, Cambrilsen. Argazkia: EFE
Joaquim Forn Generalitateko Barne kontseilariak esan duenez, terroristek zeramatzaten ibilgailua irauli egin da, eta une horretan agenteek tiro egin dute.
Fornek geroago azaldu duenaren arabera, 12 ordu baino gutxiagoan Katalunian izan diren erasoen eta, ostegun goizaldean, Alcanarren (Tarragona) gertatutako leherketaren arteko lotura ikertzen ari dira.
Hildakoek lehergaiak ziruditen gerrikoak zeramatzaten soinean. Tedaxeko kideek, ordea, horiek faltsuak direla zehaztu dute. Joaquin Forn Barne kontseilariak ere gerrikoak faltsuak zirela baieztatu du, nahiz eta "egiazko lehergaien itsura izan".
Bostgarren terrorista bat ez da tiroketan berehala hil, eta atxilotu egin dute, baina handik gutxira hil da, Polizia kataluniarrak baieztatu duenez. Agenteek leherketa batzuk eragin dituzte tiroketaren ostean.
Gertaeraren ostean, Carles Puigdemont Generalitateko presidenteak Mossoen lana goraipatu du: "Mossoen lan bikaina une kritiko eta tragiko honetan", idatzi du Twitterren duen kontu pertsonalean.
Eraso berri honek piztutako alarmaren aurrean, Mossoek ukatu dute antzekorik gertatu denik Reusen, eta hiritarrei zurrumurru faltsuak ez zabaltzeko eskatu diete.