Gizartea -
HARRAPAKETA
Gutxienez 13 hildako eta 100 zauritu, Bartzelonan izandako atentatuan
Estatu Islamikoak bere gain hartu du atentatua, Amaq albiste-agentziak zabaldu duen ohar baten arabera.
agentziak | erredakzioa
Gutxienez hamahiru pertsona hil dira eta 100 inguru zauritu dira ostegunean, Bartzelonako Rambla pasealekuan zeudela furgoneta batek aurretik eraman dituenean. Zaurituetako 15 larri daude, Carles Puigdemont Kataluniako presidenteak baieztatu duenez.
Hala eman du jakitera gertatutakoaren ondoren bildu den larrialdi-kabinetea bileraren ostean. Berarekin batera izan dira, besteak beste, Oriol Junqueras presidenteordea eta Adau Colau Bartzelonako alkatea.
Puigdemonten esanetan, segurtasun indarren arteko lankidetza gorengoa izan da eta "ez da egon akatsik". Zehaztu duenez, orain duten lehentasuna "normaltasunera bueltatzea da", hori baita terroristei aurre egiteko modua.
"Katalunia bakezko lurralde bat da: beti izan da, hala izaten jarraitu nahi dugu eta hala izaten jarraituko dugu", erantsi du.
Carles Puigdemont, bere agerraldian. Argazkia: EFE
Aurretik, Joaquim Forn Barne sailburuak kazetariei egindako adierazpenetan adierazi duenez, biktimen kopurua hazi egin daiteke, eta, gaineratu du "zantzu garbiak" daudela gertatutakoa ekintza terrorista bat izateko.
Harrapaketa masiboa furgoneta zuri batek egin du. Gidariak ibilgailutik atera eta ihes egin du, ikerketako iturriek Eferi jakinarazi diotenez.
Poliziak gunea hartu du. Argazkia: EFE
Esquadra Mossoek baieztatu dutenez, gertatutako atentatu terrorista gisa ari dira ikertzen, eta kasu horietarako prestatuta duten protokoloa jarri dute martxan.
Harrapaketa masiboa 17:00ak aldera jazo da. Ordu horretan furgoneta zuri batek Bartzelonako Rambletan zeuden pertsonen aurka jo duenean, horietako asko turistak ziren. Ibilgailuko gidariak furgoneta utzi eta oinez egin du alde.
Estatu islamikoaren aldarrikapena
Estatu Islamikoak bere gain hartu du atentatua, Amaq albiste-agentziak zabaldu duen ohar baten arabera.
Ohar horretan, Estatu Islamikoak "kalifatuko soldadu" gisa identifikatu ditu erasoaren egileak, bere erakundeko kideak aipatzeko erabili ohi duen terminoa.
Poliziak pertsona bat hil eta bi atxilotu ditu
Esquadra Mossoek bi lagun atxilotu dituzte Bartzelonan izandako atentatuarekin harremana izan dezaketelakoan, baina ez dute zehaztu zein den gertatutakoarekin duten harremana.
Horrez gain, Poliziak atentatuaren usteko egileetako bat tiroz hil du Sant Just Desvern herrian (Bartzelona) segurtasun kontrol bat saihestu nahi izan duenean. Gertaera horretan bi agente harrapatu ditu gidatzen ari zen autoarekin.
Esquadra Mossoek atentatua gertatu den unea inguratu dute. Argazkia: EFE
Tarragonan izandako leherketa batekin lotu dute atentatua
Josep Lluis Trapero Esquadra Mossoetako buruak adierazi du Ramblan izandako atentatua asteazken gauean Tarragonako Alcanar herrian jazo zen leherketa batekin lotuta dagoela. Eztanda hori etxebizitza batean gertatu zen, eta haren eraginez pertsona bat hil zen eta beste zazpik zauriak izan zituzten.
Traperok prentsaurrekoan esan duenez, ikerketako zenbait alderdik "garbi eta zalantza gabe" erakusten dute gaurko atentatuak eta atzoko leherketak harremana dutela.
Alcanarreko leherketa 23:17 inguruan izan zen. Eztandaren poderioz, etxebizitza erori egin zen, eta barruan bi pertsona aurkitu zituzten: bata, hilik; bestea, larriki zaurituta.
Traperoren esanetan, bi gertaerak lotzeari esker Bartzelonako atentatuarekin "zerikusi zuzena" duten bi pertsona (melillar bat eta marokoar bat) atxilotzea ahalbidetu die. Dena dela, garbi utzi du atzemandako bi lagun horien artean ez dagoela ehundik gora pertsona harrapatu dituen furgonetako gidaria.
Zehaztu duenez, marokoarra Ripollen (Girona) eta espainiarra Alcanarren (Tarragona) atzeman dituzte. Bata zein bestea atentatuarekin lotuta daudela, gaineratu du, baina bietako inor ez dela egile zuzena izan.
Aitzitik, egileak harrapaketaren gunetik ihes egin du eta orain haren atzetik dabiltza. Lekukoen arabera, furgonetatik jaitsi denean, ez zeraman armarik soinean, eta ez du inongo aldarrikapenik egin, baina Traperok esan du ez daukala inolako zalantzarik atentatu terrorista bat izan dela.
Rajoyren adierazpenak
Mariano Rajoy Espainiako Gobernuak "elkartasuna" adierazi die atentatuko biktimei, eta hiru eguneko dolu ofiziala ezarri du.
"Bat eginda gaude doluan , eta baita gure balioak eta bizitza ereduak kendu nahi dizkigutenak garaitzeko borondatean ere", gaineratu du Rajoyk.
Bigarren furgoneta bat, Vicen
Bartzelonako harrapaketan erabilitako furgoneta alokatu dute bi norbanakoek bigarren furgoneta bat zuten alokatuta, eta hori Vicen aurkitu du Poliziak, eta une honetan inguratuta dute.
Harrapaketa gertatu osteko irudiak
Twitterreko erabiltzaile batzuek gertatutakoaren berri ematen duten ikus-entzunezko edukiak argitaratu dituzte: