Gizartea -
Epaiketa
Bizkaiko Auzitegiak beste hiru ertzain epaituko ditu Cabacas auzian
Kasuko epaileak hasieran prozesutik kanpo utzi zituen arren, ahozko saioan epaitzea erabaki du, akusazioaren helegite bat onartu ostean.
eitb.eus
Bizkaiko Auzitegiak beste hiru ertzain epaituko ditu Cabacas auzian. Hiru agente horietatik bik operazioan tiro egin izana onartu zuten ikerketa fasean, eta azkenean ahozko saioan epaituko dituzte. Beraz, guztira sei pertsona eseriko dira akusatuen aulkian ahozko epaiketan.
Ana Torres Bilboko 10. Instrukzio Epaitegiko arduradunak Cabacas auzian ahozko epaiketa irekitzea erabaki zuen aste honetan Ertzaintzako hiru bururen aurka, arduragabekeria larriko homizidioa leporatuta. Iñigo Cabacas Athletiken jarraitzailea Ertzaintzaren gomazko pilota batek jota hil zenean operatiboaz arduratu ziren hiru buruak dira.
Cabacasen familia egiten ari den akusazio partikularrak aurkeztutako helegite bat onartu ostean hartu du erabakia epaileak. Akusazioak lau urteko kartzela-zigorra eta sei urteko inhabilitazio profesionala eskatu ditu auzipetuentzat.
Akusazio partikularraren helegitea onartzeaz gain, kasuan inputatutako Ertzaintzako hiru buruek akusazioa kentzeko aurkeztutako helegitea baztertzea erabaki zuen ostiralean.
Sindikatuen erreakzioak
ErNE eta SIPE Ertzaintzako sindikatuek euren "babesa eta elkartasuna" adierazi diete Cabacas auzian epaituko dituzten agenteei. ErNE sindikatuaren iritziz, ertzain horiek "egoera tragiko baten eta hainbat erantzule politikoren eta polizialen gauzak egiteko moduaren biktimak dira".
Bestalde, SIPE Ertzaintzako Sindikatu Profesionalak uste du, erantzukizunak egonez gero, horiek bere gain hartu beharko lituzkeela Jorge Aldekoak, garai hartan Bilboko Ertzain-etxeko arduraduna baitzen.