Gizartea -
Cabacas auzia
Akusazioak launa urteko kartzela eskatu du Cabacas auziko auzipetuentzat
Arduragabekeriazko homizidioa egotzi die. Eta espetxe zigorra ez ezik, sei urteko inhabilitazioa eta Cabacasen gurasoengana ez gerturatzeko eskaria egin du akusazioak.
eitb.eus
Akusazio partikularrak lau urteko kartzela-zigorra eskatu du Cabacas auzian auzipetutako hiru ertzainentzat. Arduragabekeriazko homizidioa egotzi diete. Horrez gain, sei urteko inhabilitazioa eta zigorrak irauten duen bitartean Iñigo Cabacasen gurasoengana ezin gerturatu ahal izatea eskatu dute.
Athleticeko jarraitzaile gaztea 2012ko apirilaren 9an hil zen, egun batzuk lehenago Ertzaintzak jaurtitako gomazko pilotakada batek buruan jota.
Akusazioaren arabera, tiro egin zuten ertzainen eta herritarren arteko aldea "desegokia" zen, eta beste zenbait irregulartasun ere izan ziren. Besteak beste, ez dago ertzain bakoitzari zer eman zioten jasotzen duen agiririk, eta ikerketa hasi aurretik armak garbitu zituzten.
Horrenbestez, auzipetutako hiru ertzainek Cabacasen hilketan ardura izan zutela ondorioztatu dute familiaren abokatuek.
Epaileak instrukzioa sei hilabetez luzatzea erabaki zuen 2016ko abenduan, eta Bizkaiko Fiskaltzak artxibatzeko eskatu zuen maiatzean, Athleticeko jarraitzailea hil zuen gomazko pilotakada nork jaurti zuen jakiteko frogarik ez dagoela iritzita.