Gizartea -
crowdfunding-a
Pablo Ibarren familiak laguntza eskatu du haren defentsa ordaintzeko
Hiru pertsona hiltzea leporatuta ezarri zioten heriotza-zigorra. Floridako Auzitegi Gorenak, baina, Pablo Ibarren heriotza-zigorra baliogabetu du, eta epaiketa berriro egiteko agindua eman du.
Agentziak | Erredakzioa
Pablo Ibarren familiak dirua biltzeko kanpaina bat hasi du astelehen honetan, 45 urteko presoaren defentsa ordaindu ahal izateko. 1994an Miamin (Florida) bi dantzari eta klub baten jabea hiltzea leporatuta, AEBko Justiziak heriotza-zigorra ezarri zion. Iaz Floridako Auzitegi Gorenak zigorra baliogabetu ondoren, baina, berriro egin beharko dute epaiketa. Hala ere, euskal jatorriko presoa ez da kartzelatik irtengo epaiketa egin arte.
Candido Ibarrek (presoaren aita) crowfunding bidez dirua biltzeko kanpaina bat aurkeztu du astelehen honetan, Pablo Ibarren defentsa ordaintzea helburu. Ildo horretatik, euskal jatorriko presoak “osasuntsu” eta “aurrera egiteko indartsu” jarraitzen duela esan dute gaur egindako agerraldian. Dena dela, “nekatuta eta, nolabait esanda, etsita ere” badagoela azaldu du haren aitak.
Halaber, Pablo Ibar heriotzaren korridoretik atera zuten iaz, espetxe arrunt batera eramateko, baina aurreko espetxean segurtasun neurriak hobeak zirela eta inguruan zituen pertsona guztiak ezagutzen zituela esan du Candido Ibarrak.
“Inoiz ez du itxaropena galdu, baina oraindik ez dakigu noiz izango den epaiketa berria, eta denbora asko igaro da jada. Alabaina, indar askorekin jarraitzen du, ez dakit nola egiten duen”, azpimarratu du Candido Ibarrek.
Defentsa ordaintzea da gaur hasi duten diru-bilketaren helburu nagusia, eta, horretarako, 1.300.000 dolar bildu behar dituzte.
Dagoeneko diru-kopuru horren % 57,55 bildu dute, hau da, 748.150 dolar. Beraz, 348.507 euro gehiago behar dituzte kanpainari amaiera eman ahal izateko.