Gizartea -
Sutea Zorrotzan
Eraikina ez zegoela erortzeko zorian esan du Bilboko Udalak
Bilboko alkatearen iritziz, zaila izango da Zorrotzako sutearen nondik norakoak ezagutzea. Jazoeran lau lagun hil dira. Dirudienez, kutxa elektrikoa "modu zuzenean" jarrita zegoen.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Juan Mari Aburto Bilboko alkateak adierazi duenez, zaila izango da Zorrotzako sutearen jatorria ezagutzea, eraikina "kolapsatuta" baitago, eta goitik behera erortzeko arriskua baitu.
Aburtok azaldu duenez, "kostako zaigu biktimak identifikatzea", baina eraikinean hainbat pertsona erroldatuta zeudela baieztatu du.
09:00ak pasata Zorrotza auzoko Barinaga kalean izandako sutearen zonaldean azaldu da Bilboko alkatea, eta kazetarien aurrean onartu duenez, "egoera oso konplikatua da, eta alkatea naizen heinean, hunkituta nago".
"Familia batzuentzako tragedia jazo da, hori da tristeena eta adierazgarriena une hauetan. Nire doluminak eta Udalarenak agertu nahi dizkiet hildakoen familiei", gaineratu du.
Aburtok azaldu duenez, 6:34ak aldera Larrialdi Zerbitzuetara deitu dute, sutearen berri emanez, eta handik zortzi minutura suhiltzaileak heldu dira.
Bestalde, gizarte zerbitzukoak 06:59ean azaldu dira, familiak artatzeko asmoz. Hori dela eta, "beharrezkoak ziren protokolo guztiak abian jarri dira, eta behar besteko arintasunarekin".
Eraikina ez zegoen erortzeko zorian, eta dirudienez, kutxa elektrikoa "ondo zegoen, eta modu zuzenean jarrita".
Bilboko Udaleko bozeramaileen batzordeak samina adierazi du
Bilboko Udalak ziurtatu duenez, kiskalita geratu den eraikina ez zegoen erortzeko zorian. Halaber, suhiltzaileak zortzi minututan lekura hurbildu direla nabarmendu du.
Bilboko Udalean ordezkaritza duten alderdi politikoetako ordezkariek (EAJ, PSE-EE, EH Bildu, PP, Udalberri eta Goazen) gertatutakoagatik atsekabea erakutsi dute, biktimen familiartekoei eta lagunei elkartasuna adierazteaz gain.
Udaletxeak jakinarazi duenez, hainbat erakundek, alderdi politikok eta orotariko kolektiboek erakutsitako elkartasuna eta maitasuna eskertu dute Udaleko talde guztiek.
EH Bilduk, Udalberrik eta GGBk "bi abiadura dituen Bilbo bat" dagoela salatu dute, eta "ondorioak larriak direla"
EH Bildu, Udalberri eta GGB taldeek adierazi dutenez, "bi abiadura dituen Bilbo bat" dago eta horrek "ondorio larriak ditu". "Gobernuko taldeak, PPrekin batera, Eraikitzeko Legedia eta gizarte desegituraketa aztertzeko konpromisoa hartu zuen, beharrezkoa zen kasuetan berehalako neurriak hartzeko", azaldu dute. Dena den, "ez du esandakoa bete", eta, "zoritxarrez, iragarritako ezbeharra gertatu da".