Gizartea -

Cabacas auzia

Beste bi ertzainek lekuko gisa deklaratuko dute Cabacas auzian

Ana Torres instrukzio epaileak otsailaren 24rako deitu ditu deklaratzera.

Iñigo Cabacas gogoratzeko plaka. Artxiboko argazkia: EiTB
Iñigo Cabacas gogoratzeko plaka. Artxiboko argazkia: EiTB

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Cabacas auziaren instrukzioa egiten ari den Ana Torres Bilboko 10. Instrukzio Epaitegiko epaileak bi ertzain lekuko gisa deklaratzera deitu ditu datorren otsailaren 24an. Ertzain batek jaurtitako pilotakada batek jota hil zen Iñigo Cabacas Athleticeko jarraitzailea 2012ko apirilean.

Jone Goirizelaia Iñigo Cabacasen sendiaren abokatuak bi ertzain horiei deklarazioa hartzeko eskatu zuen eta urte honen hasieran eskaria onartu zuen Bizkaiko Probintzia Auzitegiko seigarren aretoak. 2012ko apirilaren 5ean gertaerak jazo ziren tokian kalez jantzita zeuden bi ertzain dira deklaratzera deitu dituztenak.

Bestalde, ETB1eko "Egun on Euskadi" saioari eskainitako elkarrizketan Juan Calparsoro EAEko fiskal nagusiak adierazi duenez, Cabacas auziaren instrukzioa "zaila eta konplexua" izaten ari da eta hainbat oztopo izaten ari dira prozesua amaitzeko.

Auzian sei ertzain inputatuta daudela eta Iñigo Cabacasen senideak sufritzen ari direla azpimarratu ostean, epe laburrean instrukzio fasea amaitzea espero duela adierazi du.

Duela egun gutxi Eusko Legebiltzarrean egindako agerraldian, gai horregatik "frustrazioa" sentitzen zuela adierazi zuen. "Baina saihestezina da, izan ere, auzi zaila da, trabak daude", nabarmendu du.

Ikerketa epe laburrean amaitzeko itxaropena agertu du, baina epaiketa egingo den ez dakiela gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iñigo Cabacas auzia Ertzaintza Gizartea bideoak Gaurko azken orduko albistea