Gizartea -

Garoñako zentral nuklearra

Aho batez, Garoñako zentral nuklearra berriro irekitzearen aurka

Euskal erakundeek, alderdi politikoek eta talde ekologistek Garoñako zentral nuklearra betirako ixtea eskatu dute eta berriro martxan jartzeak ekarriko lituzkeen arriskuez ohartarazi dute.

Garoñako zentral nuklearraren aurka egindako protesta bat. Argazkia: EFE
Garoñako zentral nuklearraren aurka egindako protesta bat. Argazkia: EFE
Euskal alderdi politiko gehienek, Garoña berriro irekitzearen aurka

1:09

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Segurtasun Nuklearreko Kontseiluak (CSN, gaztelerazko sigletan) Garoñako zentral nuklearra berriro irekitzearen aldeko ebazpena onartu du, betiere Garoñaren jabe den Nuclenorrek (erdi bana dute Iberdrolak eta Endesak) beharrezko segurtasun neurriak betetzen baditu.

Euskal erakundeak, alderdi politikoak eta talde ekologistak erabaki horren kontra agertu dira eta zentrala ixtea exijitu dute.

Eusko Jaurlaritzak ebazpenaren aurka egin du, “zentralak eman beharrekoa eman zuelako eta teknologia zaharkitua erabiltzen duelako, istripua izan zen Fukushimako zentralaren antzekoa”.

Arabako Foru Aldundiak iragarri du lanean jarraituko duela, “astakeria ekidin eta Garoñako zentrala berriro ireki ez dezaten”.

Gorka Urtaran Gasteizko alkateak salatu du Segurtasun Nuklearreko Kontseiluaren txostenak ez duela herritarren borondatea kontutan hartzen eta haien “osasuna arriskuan” jartzen duela.

“Espainiako Gobernuak berehala eta betirako desegin behar du Garoñako zentral nuklearra, zaharra, arriskutsua eta jada beharrezkoa ez delako”, erantsi du Urtaranek. Ildo horretan, gogoratu du gasteiztarrek, arabarrek nahiz euskal gizarteak behin baino gehiagotan eskatu duela zentralaren itxiera.

Mikel Otero EH Bilduko legebiltzarkideak “presio bateratua” egiteko deia luzatu die euskal erakundeei, alderdi politiko guztiei eta euskal gizarteari zentrala berriro ireki ez dezaten.

“Zentral nuklearra berriz martxan jartzea zentzugabea, eskandalagarria eta probokazioa izango  litzateke, maila sozialean, politikoan nahiz juridikoan”, kritikatu du.

“Gure segurtasuna arriskuan dago”, ohartarazi du Oterok.

Juan Ramon Becerra Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkideak “euren eskutan dagoen guztia egiteko” eskatu die EAJri, PSE-EEri eta PPri, Endesan eta Iberdrolan dituzten ordezkarien bidez, Garoñako zentral nuklearraren irekiera saihesteko.

Segurtasun Nuklearreko Kontseiluak erabaki hori hartzea espero zuela esan du, baina gogoratu du “azken erabaki politikoa” Espainiako Gobernuak hartuko duela.

Jose Antonio Pastor PSE-EEko legebiltzarkideak “ulertezintzat” jo du erabakia eta Espainiako Gobernuari zentrala berriro ez irekitzeko eskatu dio, “zentzuz jokatuta”.

Nerea Llanos Euskadiko PPren idazkari nagusiak adierazi du Espainiako Gobernuak egungo egoera eta segurtasuna kontuan izanda hartuko duela behin betiko erabakia.

Llanosek berretsi egin du Euskadiko Alderdi Popularra Garoña zentral nuklearra irekitzearen aurka dagoela eta Espainiako Gobernuak jarrera horren berri baduela.

Ekologistak Martxan

Bestalde, Francisco Castejon Ekologistak Martxan taldeko bozeramaileak esan du erabakia espero zutela eta “oso larria” dela, “zentrala egoera oso txarrean dagoelako eta horrek arrisku onartezina hartzea suposatzen duelako”.

Horrez gain, erabakia hartzeko prozesua gogor kritikatu du, Estatuko zentralik zaharrena berriro zabaldu ahal izateko Segurtasun Nuklearreko Kontseiluak instalazio nuklearren araudia aldatu zuelako 2014ko urtarrilean.

“CSNren irudia, gardentasuna eta independentzia kaltetuta geratu dira”, azpimarratu du. Hortaz, kontseilu horrek “erreforma sakona” behar duela esan du eta salatu du egungo kontseilariak ez direla independenteak, “alderdi politikoei afiliatuta daudelako”.

Horrez gain, Garoñako zentrala nuklearra Ebro ibaiaren ondoan dagoela gogoratu du: “Isurketa bat izango balitz, ondorio ekonomiko eta sozialak eta ingurumenean eragindako kalteak izugarriak izango lirateke”, ohartarazi du.

Amaitzeko, ebazpen horrek aurrekari bat ezarri duela deitoratu du, 40 urtetik gorako zentral nuklearrak martxan mantentzeko erabakiak inolako eztabaida publikorik hartzea ahalbidetzen duelako, sistema energetikoa, segurtasuna edota bestelako baldintzak kontutan hartu gabe.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Gizartea Eguneko albisteak Garoña