Gizartea -

Protestak

Garoña behin betiko ixtea eskatu dute Bilbon eta Gasteizen

Jaurlaritzari eskatu diote zentralaren itxieraren auzia Madrilgo Gobernuarekin dituen negoziaketetako 'gai nagusi eta utziezina' izan dadila.

Garoñaren aurkako protesta Bilbon. Argazkia: EFE
Garoñaren aurkako protesta Bilbon. Argazkia: EFE
Garoñaren aurkako protesta Bilbon. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Burgosen dagoen Garoñako zentral nuklearraren aurkako Foroan sartuta dauden ordezkari politikoek eta gizarte eragileek zein ekologistek hura "behin betiko itxi" dadila eta "desegin" dezatela aldarrikatu dute gaur, eta EAJ eta PSE alderdiei eskatu diete horrela eska diezaiotela Madrilgo Gobernuari ere.

Bilbon egin duten protestan, Marta Castro Foro horretako bozeramaileak Eusko Jaurlaritzari eskatu dio zentralaren itxieraren auzia Madrilgo Gobernuarekin dituen negoziaketetako "gai nagusi eta utziezina" izan dadila.

Castrok salatu duenez, zentrala beharrezkoa ez izateaz gain, arriskutsua ere bada "Bilbotik 60 kilometrora baitago eta Ordunteko (Burgos) urtegirik 37 kilometrora besterik ez, eta Bizkai guztiak bertatik edaten du", eta, "2012tik geldituta dago", gaineratu du.

Ildo horretatik, lurraldeko politikari eta erakundeen “inplikazio urria” salatu du, euskal gizarte babeste aldera, eta gaitzetsi egin du Eusko Legebiltzarraren osoko bilkuratik sozialistek Garoñaren aurka aurkeztutako mozio bat baztertu izana.

Segurtasun Nuklearreko Kontseiluak (CSN) atzo jaso zuen Garoñako zentral nuklearraren esplotazio lizentzia berritzeari buruzko txosten teknikoa. Dokumentu horretan, Nuclenorren proposamena jasotzen da; alegia, zentral nuklearra berriro ireki, eta 60 urtez martxan izatea, baldin eta jabeek (Endesa eta Iberdrola) segurtasuneko hobekuntza batzuk egiten badituzte.

Gasteizen ere, protestak

Gasteizen ehun bat pertsona bildu dira Garoñaren itxiera eskatzeko, "hura berriro irekitzeko dagoen arriskuaren aurrean".

Arabako hiriburuko protestak ere Garoñaren aurkako Foroak deituta egin da, eta, salatu duenez, Espainiako Gobernuak Garoña ustiatzeko baimena beste 17 urtez "luzatzeko asmoa" dauka, zentralak 60 urte bete arte.

"Dirudienez, batzuentzat, Txernobyl eta Fukushima adibideak ez dira nahiko energia nuklearrarekin behin betiko amaitzeko", ohartarazi dute kolektibotik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gizartea bideoak Albisteak Garoñako zentral nuklearra