Gizartea -

Pablo Ibar auzia

Ibarren defentsaren ustez, frogak begi-bistakoak dira eta errugabea da

Pablo Ibar Heriotza Zigorraren Aurkako Elkarteko ordezkaritza bat, Candido Ibar eta Pilar Pereda Ibar Nafarroako Parlamentuan izan dira, erakundeekin hasitako bilera-errondaren baitan.

Pablo Ibar. Artxiboko argazkia: EFE
Pablo Ibar. Artxiboko argazkia: EFE
Pablo Ibar. Artxiboko argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pablo Ibarren defentsak gaur Iruñean adierazi duenez, frogak begi-bistakoak dira eta horiek kontuan izanda "Pablok kartzelatik irten behar du".

Andres Krakenberger Pablo Ibar Heriotza Zigorraren Aurkako Elkarteko bozeramailea, Candido Ibar -Pablo Ibarren aita- eta Pilar Pereda Ibar -Pablo Ibarren lehengusua- Nafarroako Parlamentuan izan dira goizean, Pablo Ibarren defentsarako dirua biltzeko erakundeekin abiatutako bilera-errondaren baitan. Krakenbergerren hitzetan, 1,3 milioi dolarreko aurrekontua dute eta dagoeneko % 55a baino gehiago bildu dute.

2000. urtean heriotza zigorra ezarri zioten Pablo Ibarri eta Seth Peñalverri, 1994ko ekainaren 26an hiru lagun hiltzea egotzita.

Floridako Auzitegi Gorenak Seth Peñalverren heriotza zigorra bertan behera utzi zuen 2006an; aitzitik, aste batzuk geroago Ibarren kontrako zigorra berretsi zuen.

2016ko otsailean, berriz, Floridako Auzitegi Gorenak bertan behera utzi zuen zigor hori, eta epaiketa berriz egitea agindu zuen. Duela astebete, epaiketa berria prestatzeko hitzorduetako batean, akusazioak DNA froga berri bat erregistratu zuen.

Krakenbergerren esanetan, hilketaren tokian duela 22 urte topatutako kamiseta bati egiten dioten bosgarren DNA froga da, eta aurreko laurek Pabloren DNArik ez zegoela ebatzi zuten.

Gaineratu duenez, orain kamiseta horretan, bular parean, Pabloren DNAren "orban milimetriko bat" aurkitu dute. Hala ere, ziurrenera, kustodia katean kutsatua izan dela azpimarratu du.

Kamiseta horrek biktimen eta identifikatu gabeko bi gizonezkoren DNA duela eta Floridako Fiskaltzak horiek identifikatzeko inolako ahaleginik ez duela egin nabarmendu du Krakenbergerrek.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak 2024 Ameriketako Estatu Batuak argazkiak Pablo Ibar auzia Epaiketak bideoak Gizartea Albisteak