Gizartea -
Emakumeen aurkako indarkeria
900 840 111 telefonoak 3.539 dei artatu zituen 2015ean
Zerbitzuak hamar urte egin dituela eta, Angel Toña Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak, zerbitzuaren “erabilgarritasuna, hurbiltasuna eta berehalakotasuna” goraipatu ditu.
eitb.eus
Etxeko edo sexu-arrazoiengatiko indarkeria jasan duten emakumeei informazioa eta arreta emateko zerbitzuak 3.539 dei artatu zituen iaz 900 840 111 telefonoaren bidez, Eusko Jaurlaritzak jakitera eman duenez.
Zerbitzuak hamar urte egin dituela eta, Angel Toña Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak, zerbitzuaren “erabilgarritasuna, hurbiltasuna, irisgarritasuna eta berehalakotasuna” goraipatu ditu.
Zerbitzu hori, sailburuak Bilboko prentsaurrekoan esan duenez, “sendotu egin da”, azken urteetako datuei erreparatuta. Edonola ere, indarkeria jasan duten emakumeentzako baliabide “hurbila, profesionala eta erabilgarria” da.
Azken urtetako datuen arabera, zerbitzuaren erabilera igo egin da. Hala, 2013an 3.173 dei artatu zituen, 2014an 3.030 eta 2015ean 3.539.
Emakumeen aurkako indarkeria guztiak
Eusko Jaurlaritzako Gizarte Zerbitzuen Zuzendaritzaren zerbitzu horrek arreta ematen die indarkeria, zentzu zabalean, jasan duten emakumeei: bikotekidearen edo bikotekide ohiaren indarkeriaz gain, familiako beste gizonen baten indarkeria ere barne hartzen duelako (aita, neba, semea); alegia, abusua, sexu-erasoa eta -jazarpena, salerosketa, behartutako prostituzioa, lan-arloko jazarpena, etab.
Toñak nabarmendu du zerbitzu horrek eransten duen balioa, Euskadiko egoera ezagutzeko baliagarria delako arlo horretan. “Emakumeengandik hurbil dagoen zerbitzua denez, telefonoak behatoki-eginkizuna ere betetzen du, hauen berri emanez: baliabideen eta zerbitzuen funtzionamendua, emakumeen balioesten dituzten alderdiak, aurkezten dituzten kexak, tratu txar mota berriak, etab”, azpimarratu du.